Gazte Eguna

Asteburuko Gazte Egunean "orain eta ozen" aldarripean parte hartzeko deia

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 24a, 11:30

Bizi dugun egoerara egokituriko Gazte Eguna antolatu du Aztarrika Gazte Asanbladak astebururako, "orain eta ozen" aldarripean. Pandemiak gazteengan izandako eragina, gazte espazioak, autogestioa eta gazteen bizi proiektuak ahotan hartuta, mobilizazioa eta tailerrak prestatu dituzte azaroaren 27 eta 28rako. Indarrak batu eta alternatibak eraikitzeko garaia dela azpimarratzen dute gazte asanbladakoek.

Herrian gainerako dinamikekin gertatu moduan, bizi dugun osasun krisialdira egokitu du Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak urte garai honetan ospatu ohi duen Gazte Eguna. "Orain eta ozen" leloa jarri diote aurtengo ezohiko edizioari. Pandemia hartuko dute ahotan, pandemiak gazterian izandako eragina; hezkuntzan, aisialdian, enpleguan,  bizi proiektuetan, zaintza lanetan, osasunean. "Ondorio anitzak eta piloa", Aztarrikakoen esanetan.

Aurreko hilabeteotan gai hauei guztiei buruzko galdetegi bat prestatu eta inkesta honetan parte hartzeko aukera izan zuten herriko gazteek. "Orain emaitzak, adinaren, generoaren eta okupazioaren arabera aztertu ditugu. Gazte Egun honetan ondorioak modu zehatzago batean islatu nahi ditugu", iragarri dute Aztarrikako kideek.

Autogestioa, gazte espazioak izango dituzte hizpide beste solasaldi batean. "Gazte Eguneko tailerretako bat gazte espazioen ingurukoa izango da. Gazteok geure proiektuak gauzatzeko guk kudeatuko ditugun espazio propioak behar ditugu", aldarrikatu du Aztarrikak.

Indarrak batu eta alternatibak eraikitzeko garaia
Eta etorkizunera begira ere jarri nahi dute. Pandemiaren ondorioek eragindako haserrea bideratu eta haserre horretatik alternatibak eraikitzen joatea, orain, "ez pandemia pasa ostean". Aztarrikaren esanetan, "orain da hausnartu, aldarrikatu, alternatibak eraiki eta bozgorailu lana egiteko unea". 

Eta indarrak batzekoa. "Herriko talde edo eragileak indarrak batzeko unea da, denok bide berean aurrera egiteko. Elkar babesten badugu orduan lortuko dugu aldaketa bat. Orain inoiz baino gehiago ulertu dugu kolektibo bat garela eta elkar eragin izugarria dugula eta elkar eragin hori zerbait positiboan bideratu dezakegula", Aztarrikatik NOAUA!ri adierazi diotenez.

Asteburuko hitzorduak, "gazteon bizi proiektuekin zer?" mobilizazioarekin borobilduko ditu Aztarrikak. "Orain eta ozen", aurtengo Gazte Egunari jarri dioten leloari gorazarre eginez, antolatu eta parte hartzera deitzen dute asteburuan.

“Orain eta ozen”
Azaroak 27, ostirala
19:00
Askatasuna plazan: “Usurbildarron gazte ahotsa: pandemiaren ondorioak gazteongan”.

Azaroak 28, larunbata
11:00
Askatasuna plazan: “Gazte espazioak eta autogestioa”.
17:30 Mobilizazioa: “Gazteon bizi proiektuekin zer?”.

Antolatzailea:
Aztarrika Gazte Asanblada.