Koronabirusa

%50 hazi den gripeaz prebenitzeko txertaketa kanpaina beste 3 astez martxan

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 24a, 12:13

Oraindik epea ixteko hiru aste falta diren honetan, iazko datuekin alderatuta, kanpainaren lehen bost asteetan jada %50 hazi da gripeaz prebenitzeko txertoa jarri duen herritarren kopurua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak aditzera eman duenez. 

Gripea prebenitzeko 495.156 txerto jarri dira EAE-n bost asteetan. Iaz baino %50 gehiago, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak berri eman duenez. Argi denez; pandemiak eragingo zuen igoera hau. Oraindik orain, zabalik da txertoa jartzeko Osakidetzak urrian abiarazitako kanpaina, gutxienez beste hiru astez izango dute martxan. Txertoa jarri nahi duenak anbulatorioan hitzordua eskatu behar du; 943 36 20 13 telefono zenbakira deituta. 

Osasun Sailak ere bereziki garrantzitsutzat jotzen du aurten txerto hau jartzea, "osasunean konplikazioak eragin ditzakeen gaixotasun horri aurre egiteko dagoen prebentzio-neurri onena" dela ohartarazita. 

Baita covid19aren ondorioei ere. Urteroko kanpaina izan baina aurten aurreratu egin den kanpainaren helburua Osasun Sailak gogorarazten duenez, "da gripearen aurrean zaurgarrienak diren pertsonen osasuna zaintzea, bai eta osasun kolektiboa ere, bereziki Coviden transmisio handiko une honetan, eta horrek osasunean duen arrisku erantsia zaintzea. Gripearen aurkako prebentzio neurririk onena txertoa da". 

Baina ez da ahaztu behar, txertoaz gain, covid19agatik ezagunak zaizkigun bestelako prebentzio neurriak ere har ditzakegula griperik ez izateko. "Koronabirusaren kasuan bezala, gripearen aurkako kanpaina prebentzio- eta higiene-ohitura oinarrizkoak sartzearen garrantziaz kontzientziatzen jarraitzeko beste aukera bat dela, hala nola eskuak maiz garbitzea, maskara erabiltzea eta urruntze soziala".

Txertoa edonorentzat eskuragarri
Urria amaierara arte, arrisku-taldeetako kideak diren 65 urtetik gorako herritarrek, gaixotasun kronikoren bat dutenek nahiz haurdun direnek. Haiek zuten gripearen aurkako txertoa jartzeko lehentasuna. Azaroan sartuta, txertoa jarri nahi duen herritar ororen txanda da jada. Txertoa jarri nahi duenak aurrez hitzordua eskatu behar du anbulatoriora deituta; 943 36 20 13 telefono zenbakira. Anbulatorioan aipatu digutenez, aurten txertoa lehen aldiz jartzera joandako herritar bat baino gehiago gerturatu da bertara.

GRIPEAREN AURKAKO TXERTOA HARTZEKO KANPAINA DATUETAN
Bereziki arrisku-talde hauei zuzendua:
-65 urtetik gorakoei.
-Gaixotasun kronikoren bat dutenei.
-Haurdun dauden emakumeei.

Txertaketa, hiru faseetan:
-1. fasea (urriaren 5etik aurrera): egoitzeko langile eta egoiliarrei.
-2. fasea (urriaren 13tik aurrera): arrisku-taldeetako herritarrei.
-3. fasea (urriaren 31tik aurrera): gainerako herritarrei.

Tokia: Usurbilgo anbulatorio azpialdea.

Oharra:
-Gripearen aurkako txertoa jasotzeko hitzordua eskatu anbulatorioan, 943 36 20 13 telefono zenbakira deituta.

Inbertsioa: 558.000 dosi, 2 milioi euro. Bi txerto mota erosi ditu Eusko Jaurlaritzak:
-Azaleko antigeno inaktibatuaren gripearen aurkako txertoa (Chiroflu®), 6 hiletik aurrerako herritarrentzat.
-Azaleko antigeno inaktibatuen gripearen aurkako txertoa, MF59C.1 lagungarriduna. 65 urteko edo gehiagoko pertsona instituzionalizatuei zuzentzen zaie (Chiromas®).

2019-20 kanpainako EAE-ko datuak:
Gripearen eragina:
-Gripeak eragin handiena 65 urtetik gorakoen artean izan zuen.
-1.304 ospitaleratu.
-333 kasu larri.
-45 hildako.

Txertaketa-tasa:
65 urte edo gehiagoko pertsonak: %58,8.
Pertsona instituzionalizatuak: %95,5.
Haurdun dauden emakumeak: %44,3.
Osakidetzako profesionalak: %37,4.

2020-21 kanpainako EAE-ko behin behineko datuak
Txertaketa-tasa:
-%50eko igoera.
-495.156 txerto jarri dira; 479.014 Osakidetzak kudeatu ditu, gainerakoak Osalanen bidez.

Jarritako txerto kopurua:
-Osakidetzako profesionalak: 20.848 (erdia baino gehiago).
-Osakidetzatik kanpoko osasun-profesionalak: 8.033. 
-Arrisku-taldeetan (65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituztenak, haurdun direnak): 357.841 pertsonek jarri dute txertoa.
-Arrisku-taldeetatik kanpo: 92.592 dosi jarri dituzte. 

Iturria: Osasun Saila.