Maria Jesus Etxeberriaren erakusketa bisitatzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 26a, 08:17

Argazkilaritzarako duen zaletasunari eutsi arren, konfinamenduan ezin kalera irten, ezin irudirik atera eta etxealdi horretan, lehendik ere lantzen ari zen margolanak sortzeari ekin zion Maria Jesus Etxeberriak. Bere orain arteko ibilbideko lanen emaitza ikusgai izan du asteotan Sutegin. Gaurkoa duzue bilduma ikustera joateko azken eguna. Lerrootan iragan asteko aldizkarirako Etxeberriak eskainitako elkarrizketa.

Oraingoan ez zatoz argazkiekin, margolanekin baizik. Zer ikusi ahalko dugu Sutegin?
Maria Jesus Etxeberria: 
Konfinamendu garaian, akuarela edo errotulagailuak baliatuta sortutako margolanak dira hogeitik hamar bat. Aginagako ikastarora joaten nintzenean egindakoak gainerakoak.

Zerk inspiratu zintuen konfinamendu garaian?
Emakumearen edertasuna, bere elegantzia islatu nahi nuen margolanetan. Sei edo zazpi egin ditut.

Argazkilaritzan bezala, pinturan ere bazabiltza aspaldidanik.
Aginagara joaten nintzen ikastaroak egitera duela lauzpabost urte. Han ikasi nuen akuarela egiten. Eta gero nire kabuz etxean hasi nintzen, konfinamendu garaian.

Konfinamenduak sormenerako aukera eman dizu.
Denbora nuen. Argazkiak ateratzeko kalera irteterik ez zegoenez, etxean egon behar zenez, margotzen aritu nintzen.

Konfinamendu ostean argazkilaritzara itzuli al zara?
Bai. Egunero bospasei argazki ateratzen ditut. Oso gustukoa dut, pintura ere bai. Biak. Ez dut uzten pintura egiteagatik argazkilaritza.

Argazkiak erakusgai jarri izan dituzu lehen, orain margolanak. Zer moduzkoa da zure sormen lanak jendearekin partekatzea?
Jende zoragarria dago Usurbilen, asko animatzen nau, bai herritarrek baita lagunek ere. Beti halako lanak egiten segitzeko esaten didate.

Motibagarria ezta?
Animu mezu horiek segitzeko gogoa ematen didatenez are gogo handiagoz egiten ditut halako gauzak.

Egongo da herrian, zeure antzera sormen lanak egin baina etxerako gordetzen dituenik.
Hona etorri zen bat eta esaten nion ia berak zergatik ez zituen ikusgai jartzen. Animatzeko esaten nion, areto hau horretarako ere badagoela. Leku oso ona eta ederra da Sutegi. Herritarrok egiten ditugun gauzak herritarrei erakusteko baliatu beharko genukeela deritzot.

Bestela halako sortze lanak ezagutu gabe geratuko gara.
Hor geratzen dira gordeta. Oso aberasgarria da beste norbaitek ikusgai jartzen dituenean norberak ere egin dezakeela ikustea. Halakoak egitera elkar animatu gaitezke hartara.

Argazkilaritza, margoak… sorkuntzan urrats gehiago emateko asmotan?
Denetarik egiten dut, josten ere aritzen naiz. “Gantxilloa” ere egiten dut, diru-zorroak ere egiten ditut. Saldu izan ditut. Denbora izan eta ondo nagoen bitartean gauzok egiteko aprobetxatu nahi nuke. 

Margolanak eskuragarri dituen erakusketa
Epea:
azaroaren 26ra arte.
Ordutegia: 16:30-18:30 (astelehenetik ostiralera).
Tokia: Sutegiko erakustaretoa.
Oharra: margolanak salgai ditu. Erakusketan bertan erreserba ditzakezue.