NOAUA! Emanaldien faltan, idazketan igaro al zenuten udaberriko konfinamendua?
Ba egia esan ez. Konfinamenduak sormena guztiz kamustu zigun eta erabaki genuen aurreragorako uztea. Ikusten genuen sare sozialetan jendea kantak egiten, kontzertuak eskaintzen, ipuinak irakurtzen eta gu biok berriz ez geunden ezertarako... Azkenean irailean hasi ginen lanean eta orduan bai, orduan sormenaren iturriak bor-bor egin zuen.
Jitsi, Zoom, Google Hangouts, Houseparty.... Luze edo Motz prestatzeko, zein aplikazio baliatu zenuten zuek?
Guk sortzeko behar beharrezkoa dugu aurrez aurre egotea, denbora elkarrekin pasatzea, batera barre egin eta batez ere txorakeriak barra-barra botatzea. Beraz, whatsappa erabili dugu bakarrik, eta noiz geratuko ginen esateko bakarrik! Alde horretatik oso analogikoak gara. Eskerrak eman behar dizkiogu ere Usurbilgo Udalari gure sormen bide honetan Potxoenea uzteagatik.
“Emakumeok nahikoa epaituak izaten baikara gure itxuragatik. Hori dela eta erabaki genuen beti berdin jantzita egitea gure saioak: beltzez eta koloretako txaketekin”
Luze edo Motz partida iragarri berri duzue. Gerriko gorriarekin eta urdinarekin kantxaratuko al zarete? Eta non utziko dituzue aurreko emanaldiko txaketa eder horiek?
Txaketa berriak erosi ditugu! Idoiak jarraitzen du gorriarekin (zaharrena delako, ez faboritoa) eta Mirarik urdinarekin. Gerrikorik gabe beraz. Guretzat garrantzitsua da oholtzara eroso eta konfiantzaz igotzea; emakumeok nahikoa epaituak izaten baikara gure itxuragatik. Hori dela eta erabaki genuen beti berdin jantzita egitea gure saioak: beltzez eta koloretako txaketekin.
Gauzak nola dauden ikusita, areto itxiak frontoi irekiekin ordezkatu beharko dituzue akaso?
Ba egia esan dagoeneko oso eroso sentitzen gara frontoietan, ez pentsa! Kontua da negua badatorrela eta ez dela oso erosoa izaten hain toki zabal eta hotzetan saioa egitea. Baina sotamano eta bipareta onak ditugu hala ere! Ez dira ez herriz herri ibiltzeko garai onenak, baina gu poz pozik joango gara Euskal Herriko frontoi eta areto guztietara!
Botilerorik gabe aritu beharko duzue. Hau da hau, ezin tabernara joan, botileroa debekatuta... Etxetik joan beharko da txispatuta zuenera.
Mirariren autoak egiten ditu taberna, etxe eta aterpe funtzioak. Eta bertan beti izaten dugu ura, platanoak eta jamon de york. Behin autoan sartuta egiten ditugu gure beroketak (alegia hitz eta barre egin) dagokion herrira iritsi arte.
“Gure onena ematera ateratzen gara saio bakoitzean”
NOAUA! Kantxara ateratzeko ordua da. Berriro jendaurrean aritzeko prestaketa-lanak gogorrak izan al dira? Partidaren bat jokatu duzue honez gero?
Altzon estreinatu genuen Bakean Dagoena Bakean Utzi eta Altzon egin dugu ere Luze Edo Motz ikuskizunaren lehendabiziko saioa. Zortea ematen digun herria da, egia esan, bietan egin diguten harrera ezin-hobea izan baita. Jende aurrera atera baino lehen beti izaten ditugu tximeletak sabelean, eta beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Lasaiegi egotea ez da komeni; gure onena ematera ateratzen gara saio bakoitzean.
Ez dira kantxara ateratzeko garai onenak. Nolakoa izan da zaletuen harrera?
Jendeak barre egiteko gogoa dauka, eta hori oso nabarmen geratu zen Altzoko estreinaldian. Hasiera hasieratik giroa zoragarria izan zen eta antolatzaileek esan ziguten normalean etortzen ez den jendea ere etorri zela. Osasuna eta lana garrantzitsuak dira, baina kultura ere behar beharrezkoa dugu gure bizitzan. Beharrezkoa dugu tarte bat guztiaz ahazteko, amets egiteko, gozatzeko, barre egiteko, beste bizitza batzuk bizitzeko... Eta ez dira behar adina garrantzia ematen ari.
“Gure kasuan, etortzen den publikoaren %85a emakumezkoa izaten da”
NOAUA! Apostu-etxeetan, bietan zein izan ohi da faborito: Mirari Martiarena edo Idoia Torregarai?
Bakoitzak gure estiloa dugu, eta orekatu egiten gara. Mirari lasaiagoa da gauzak azaltzeko orduan, sotilagoa. Idoia berriz histrionikoagoa da, esajeratuagoa. Mirari diesela da eta Idoia gasolina. Biok garen modukoak garelako izaten dugu arrakasta. Bi urte t’erdi honetan izugarrizko bidea egin dugu batera eta primeran ezagutzen gara. Begirada batez dakigu bestea nola dagoen eta babesa behar ote duen. Hori gauza handia da!
ETB1eko Barre librea telebista saioan gero eta emakume gehiago ikusten ditugu. Noiz egingo da bakarrizketen Emakume Master Cup txapelketa bat?
Aspaldi aldarrikatzen dugun zerbait da hori. Zorionez, telebistak ikusgarritasun handia ematen du eta une honetan umorea gehiago kontsumitzen da. Hala ere, oraindik bi emakumezkoen umore bakarrizketa ikuskizuna ez da ohikoa. Gure kasuan, gainera, etortzen den publikoaren %85a emakumezkoa izaten da. Horrek zer esan nahi du, guk egiten dugun umorea ez dela unibertsala? Oraindik askok “emakumeen kontuak” bezala etiketatzen gaituzte, eta ondorioz, gizon gutxiago agertzen dira. Baina guk kontrakoa frogatu nahi dugu: hau da, hilekoaz, menopausiaz, masturbazioaz, edo ligatzeaz egiten dugun umorea ere denentzat dela, alegia.
Usurbilen frontoi pila dago. Noiz etorriko zarete hona Luze edo Motz jokatzera?
Etxean jokatzea beti izaten da zailagoa, presioa handiagoa izaten delako. Baina herrian aritzeak ere poza eta harrotasuna ematen du, beraz, espero dezagun datorren urtearen hasieran edo Usurbilen jokatzea!