NOAUA! Euskaraldiaren bihotzean “Esnatu naiz” kabareta eskainiko duzu Sutegin. Zer espero behar du animatzeko asmoa duen norbaitek?
Andoni Mutiloa: Ikusleak une atsegin eta dibertigarria pasa ahal izango du. Baina, batez ere, zer pentsatua emango dion ikuskizuna sortu nahi izan dugu.
Kabaret kontzeptuak antzerkia, dantza eta musika nahasten ditu. Multidiziplinarra al zaitugu?
Antzerkia, dantza eta musika oso gustuko ditut. Dantzak izan du lekurik handiena nire bizitzan. Euskal dantzak ikasten hasi nintzen umetan, ondoren ia 15 urte pasa nituen Donostiako Eskola Dantza Taldean eta azken urteetan dantza garaikidea eta kontakt inprobisazioa egiten ditut batez ere. Antzerkiarekin, berriz, harreman intermitentea izan dut duela gutxira arte. Eta kantatu, egiari zor, ez dut ia abestu orain arte. Baina kabaret honetan hirurak batera egiten ditut eta asko gozatzen ari naiz. Beraz, artista multidiziplinarra baino, kabaretari lotsagabea naizela esango nuke!
LGTBI+ komunitatea askoren ahotan dagoen gaia izan ohi da sarri. Zein da kabaretarekin zabaldu nahi duzun mezua?
Oraindik, gaur egun, LGBTI+ kolektiboko pertsona askok euren herritik alde egitea erabakitzen dutela, bertan ezin dutelako modu lasai eta irekian bizi euren nortasuna eta sexu-joera. Hori oso tristea da. Eta erantzukizuna herritar guztiena da. Horregatik "Esnatu Naiz" kabaretaren bitartez arazo hori ikusarazteaz gain, gai horri buruzko hausnarketa egitera gonbidatu nahi ditugu ikusleak.
"Kontatzen dugun istorioa fikzioa da"
NOAUA! Euskal Herriko baserri ingurua eta Londreseko underground mugimendua nahasten ditu ikuskizunak. Bi mundu ia aurkakoak dirudite, baina ba al dute zerbait amankomunean?
Andoni Mutiloa: Teorian ez, oso ezberdinak direlako biak. Baina ez ahaztu Londres atzerritarrez beteta dagoela, munduko txoko ezberdinetatik bertara bizitzera joandako pertsonez. Eta horien artean, euskaldun asko ditugu. Beraz, bi errealitate horietan jatorri bereko herritarrak bizi dira. Eta hor egon daiteke lotura, pertsonengan.
Zure pertsonaiarekin nolabait identifikatuta sentitzen zara?
Bai, asko. Ikuskizun honen hasieran Elur ezagutuko dugu. Londresen bizi da, trans kolektiboko artista da eta bere showa du The Pink Flamingo klubean. Baina kabaretak aurrera egin ahala, artista horren atzean dagoen pertsona ezagutuko dugu: Peio, euskalduna, baserritarra. Esnatu naiz-en kontatzen dugun istorioa fikzioa da. Elur, Peioren alter-egoa da. Baina nirea ere bai. Eta ondorioz hiruki bat sortu dugu hiruren artean: Andoni, sortzailea; Peio, pertsonaia; eta Elur, artista. Elur ausarta eta lotsagabea da. Eta kabareta sortzearekin batera, nire izaeraren alderdi horiei merezi duten lekua eskaintzen ari naiz azken aldian. Sekulako oparia!