2018ko urtarrilaren 12an zendu zen Joxan Artze. Egun haietan bazuen garatzen ari zen sortze lan bat, zoritxarrez amaitu ezin izan zuena. Elkar argitaletxeak plazaratu du orain; "Txalaparta. Tradizioaren abaroan" izenekoa. "Irakurleak eskuartean hartzen duenean akaso konturatuko da zenbait esaldietan hutsuneak daudela, puntuazio marka zalantzazkoak edo maketazio akatsak dituela". Baina ez, propio hala argitaratu nahi izan du Elkarrek. "Artzek utzi bezala argitaratu nahi izan dugu, bere azkeneko egunera arte eutsi ziolako proiektu honi eta originalagoa eta egiazkoagoa iruditu zaigulako bere horretan argitaratzea", adierazi du Antxiñe Mendizabalek.
Zendu zen unean sortze lan hau garatzen hasia zuen, baina Elkarretik nabarmendu nahi izan dutenez, "ezin da esan amaitu gabeko liburu bat denik, gure ustez amaierarik ez duen liburu bat da".
Argitaletxearen esanetan, "artistaren dimentsio guztiak hartzen ditu; tradizioa, poesia, estetika eta espiritualtasuna. Irakurleak bertan topatuko du Artzerik poliedrikoena. Joxean eta Jexux Artze anaiek 60. hamarkadan egin zuten lan handia musika tresna hau berreskuratzeko, eguneratzeko eta zabaltzeko. Beraiek izan ziren lehenak txalapartaren balio sinbolikoaz jabetu eta Euskal Herriko eskenatoki guztietara eraman zutenak", oroitarazi du Elkarrek.
"Txalaparta. Tradizioaren abaroan"
Egilea: Joxan Artze Agirre.
Argitaletxea: Elkar.
Edizio data: 2020.
Orri kopurua: 100.
Sinopsia: "Joxan Artze liburu honetan bihurtzen da txalapartaren doinura idazten duen idazlea; batzuetan, bere idazkerak ttakunaren oihartzuna du, beste batzuetan, herrenarena; zenbaitetan sortzen du ordena, beste hainbatetan, kaosa. Makila-kolpeek aldiro eragiten dute oreka eta desoreka. Kolpeen arteko isiltasunak kokatuko du irakurlea orain eta hemen, denboraren mugagabetasuna antzeman daitekeen lurralde misteriotsuan.
Poesia dario hitz, lerro eta ahapaldi orotan. Metafora hutsa da Txalapartaren abaroan, poesiaren abaroan egin daiteke-eta soilik Artzek proposatzen digun bidaia.
Joxan Artzeren hilondoko liburua da, eta joan aurretik, utzi bezala argitaratu dugu. Irakurleak noizik eta behin aurkituko ditu esaldi amaigabeak, zalantzazko puntuazio-markak, zuzendu gabeko hitzak, maketazio-akatsak… bere horretan utzi nahi izan dugu, perfekzio eta zuzentasun ezak ere baduelako edertasuna, eta batez ere, egiazkotasuna. Ez da liburu amaigabe bat, amaierarik ez duen liburu bat baizik".