Pandemiaren ondorioei helduta hasiko duzue Gazte Eguna. Zer eragin izaten ari da zuengan?
Aurretik eta 2008ko krisian bezala gazteria izan da sektore prekarizatuena. Gazte askok orain ez dute lanik, ez inongo diru sarrerarik. Noraeza da nagusi. Gure aldarri nagusietako bat izango da gure bizi proiektuak non dauden. Gazteok lehen gure tokia aurkitzeko nahiko lan genuen, orain are eta gehiago. Adin tarte honetan helduenek ERTE garaia bizi dute, beste batzuk lanpostua galdu dute. Nerabezaroan daudenentzat ere oso oso gogorra izaten ari da une hau sozializatzeko, haur izatetik heldu izaterako fase hori bizitzeko. Fase hori guztiz suntsitzen ari zaie. Ondorio anitzak eta piloak ditugu egia esan. Ondorio sozialak daude baina baita osasunari lotutakoak, emozionalak eta psikologikoak. Horiek bai nabaritu ditugu gazteengan. Inkesta honen harira txosten bat argitaratu genuen. Orain emaitzak, adinaren, generoaren eta okupazioaren arabera aztertu ditugu. Gazte Egun honetan ondorioak modu zehatzago batean islatu nahi ditugu. Aipagarri baita hezkuntzak zer egiteko duen gure gizartean eta nola guztiz ahaztua utzi den pandemian.
Galdetegiko emaitzek zer diote?
Inkestan ildo desberdinak lantzen genituen; kultur arloan adibidez, sortzaileen garrantzia zenbatekoa den, gure nortasunak eraikitzeko zer gaitasun duen. Etxebizitzaren arloan ikusi dugu zer gazte gutxik erantzuten zuten atal hori, oso gutxi baitaude emantzipatuta. Erantzun zuten gutxi horiek, laguntza oso gutxi jaso dituztela zioten. Enpleguari dagokionez, helduagoek ERTE-engatik une zailak bizi dituztela, baina batez ere lan prekarioetatik hilabetean zertxobait irabaztetik diru-sarrerarik gabe geratzera pasa garela. Kolpe latza izan da. Aztertu dugu baita gazteek nola pertzibitu dituzten zaintza lanak. Asko hitz egin da pandemian zehar zaintza lanetaz, zer paper duten. Eta askotan gure gizartean ez ditugu behar bezala baloratu. Ez dugu ulertzen zer funtsezko zutabeak diren gure gizartean, normalean zaintza lanak zeinek betetzen duen, zer prekarizatuta dauden...
Arazo guztiok hilabeteotan ikustarazteaz gain, zerbait egiten ari al gara gizarte moduan?
Herri mugimenduak bai ari dira antolatzen, alternatibak proposatzen eta exijentzia asko egiten. Eta horren adibide gara gazte mugimendua eta nola ari garen Gazte Eguna etengabe moldatzen. Baina badira baita oraintxe bertan greban diren sektore desberdinak, hezkuntzan egin diren eskaerak, mugimendu feministak eginikoak. Konfinamendu garaian ere zaintza sareak sortu ziren, herriko merkatarien aldeko apustua egin zen… Positiboak diren hamaika ekimen egin dira eta orain gazte mugimendu antolatuari sortu den haserre hori guztia ondo bideratzea dagokio, alternatibak eraikitzeko, haserre huts horretan ez geratzeko. Inoiz baino argiago geratu da, gauza asko erakundeetatik mugitu daitezkeela, parte hartu behar dugula baina kalean eta gu elkar zaintzen egiten dugula benetan gizartea eta konpondu ditzakegula arazoak.
Beharrezkotzat jotzen duzue noski isolamendua hautsi eta biltzea.
Gazte Eguneko tailerretako bat gazte espazioen ingurukoa izango da. Gazteok geure proiektuak gauzatzeko guk kudeatuko ditugun espazio propioak behar ditugu. Guztiz beharrezkoa da sozializatzea eta behar hori oso nabaria izan da pandemian. Gazteok arazo gehiago ditugu horretarako. Bereziki gazteon aisia asko kriminalizatu da, baina aisialdi horren kontra egindako kanpainak gero eragin du ere gazteak kriminalizatzea antolatzeko garaian. Orain inoiz baino beharrezkoagoa da gu antolatzea. Ezin dugu onartu inolako erasorik horren kontra.
Azken aldian sarritan lotu da gazteria jarrera arduragabeekin. Oso haserre zaudete noski.
Albistegietan lehenengo berria 200 gazteek egindako botiltzar bat da. Baina gazteen inguruan orain azaleratzen ari diren arazoetaz ez da hitz egiten; hezkuntza arloan bizi dugun estresaz, bizi proiektuei dagokienez zer salduta gauden… Puntu batzuetan gertatzen diren botiltzarretara mugatzen ari dira. Horrekin beldur ikaragarria sartzea lortzen dute; mezua izatea badaezpada gera zaitez etxean eta ez ezer egin. Gazteak kriminilatzea eta gazte mugimendua geldiaraztea lortzen dute.
Botiltzarraren fenomeno zaharraz ari garenean, aisialdi eredu bati buruz ere ari gara gainera ezta?
Aztertu beharko genuke gure gizarteak orokorrean ze aisialdi eredu duen eta horren baitan gazteei zer alternatiba gutxi ematen zaien. Horren inguruan ere hausnartuko dugu. Ez ditugu espazio propio batzuk. Sostengarria ez den bizi eredua saldu eta nolabait horretara kondenatu gaituzte.
Gazte Eguna borobiltzeko bizi proiektuen inguruko elkarreraratzea deitu duzue. Hainbat eskaera plazaratu nahiko dituzue.
Aldarrikapen txiki hauei guztiei txapel bat emateko modu bat izango da. Gure asmoa egun bizi dugun egoera salatzea da; kontrol soziala, emantzipatzeko arazoak, enplegu eta hezkuntzako arazoak… Eta aurrera begira gazteok kontziente izatea, borrokatu egin behar dugula, bestela salduta geratuko garela. Aurretik izan zen krisiaren antzera, garai gogorrak datoz eta ikuskera aldaketa hori eragin nahi dugu herriko gazteengan. Azaleratu den egiturazko arazo bat bada. Gurea salaketa prozesu bat baina alternatibak eraikitzekoa ere izango da. Herriko talde edo eragileak indarrak batzeko unea da, denok bide berean aurrera egiteko. Elkar babesten badugu orduan lortuko dugu aldaketa bat. Orain inoiz baino gehiago ulertu dugu kolektibo bat garela eta elkar eragin izugarria dugula eta elkar eragin hori zerbait positiboan bideratu dezakegula.
Gazte egun honi begirako mezua, elkarlanerako deia beraz.
Ideia da hausnarketako espazioa ematea eta ikuspegi aldaketa hori ematea; gazteok bat egin eta indarrak batu behar ditugula, mezu hori helaraztea. Inoiz baino garrantzitsuagoa dela elkar antolatzea, hausnartzea eta zerbait berria eraikitzea. “Orain eta ozen” aldarripean egingo da Gazte Eguna.
Bozgorailu lana egitea ezta?
Bai. Eta horrekin adieraztea ere orain hasi behar dugula gure bizi proiektu horiek guztiak borrokan jartzen eta ez pandemia pasa ostean. Orain da hausnartu, aldarrikatu, alternatibak eraiki eta bozgorailu lan hori egiteko unea. Usurbilgo gazte mugimenduak aspalditik aldarrikatu izan du gazteok subjektu propioak garela. Orain subjektu horri ahots bat eman, kalera eraman eta denoi kendu nahi diguten espazio publiko hori geureganatu behar dugu.
Esan beharrik ez; segurtasun neurriak hartuta antolatu duzue Gazte Eguna.
Horregatik gune irekiak bilatu ditugu. Gazteei konpromisoz jokatzea eskatzen diegu eta eskatzen diren neurri horiek betetzeko, denon ardura da. Baina horrek ez dezala mobilizatzea eragotzi. Neurri horiek errespetatzeko gaitasuna dugu eta aldi berean mugitzekoa. Gure herrian bereziki erakutsi da, konpromisoz egiten badugu edozer gauza aurrera atera dezakegula.
“Orain eta ozen”
Azaroak 27, ostirala
19:00 Askatasuna plazan: “Usurbildarron gazte ahotsa: pandemiaren ondorioak gazteongan”.
Azaroak 28, larunbata
11:00 Askatasuna plazan: “Gazte espazioak eta autogestioa”.
17:30Mobilizazioa: “Gazteon bizi proiektuekin zer?”.
Antolatzailea: Aztarrika Gazte Asanblada.
Covid19-aren ondorioak Usurbilgo gazteongan
Zaintza eta harremanak:
-%50ak baino gehiagok etxeko zaintza lanen banaketan aldaketa bat nabaritu du.
-%80ak uste du etxean seguru ez bazaude ez daudela horri aurre egiteko baliabideak.
Kultura eta sortzaileak
-Gazteen %70ari Sortuz Bakardadea Isolatuz proiektuko ekitaldiak lagungarriak egin zaizkio.
-Gazte sortzaileak ezagutaraztera emateko gune baten aldarria aho bakarrekoa da.
Hezkuntza
-4tik ia hiruk erantzun dute ikasleen egoera ez dela kontuan hartu.
-%85ak “Ikasle Zaintza Sareek” jarraipena izatea merezi dutela uste du.
Enplegua
-Gazte langileriaren erdiak soldatan murrizketa nabariak pairatu ditu.
-5 gazte langileetatik batek diru sarrera osoa galdu du.
-Lan egoeraren prekarizazioa handitzeaz gain lan mundura sarrera mugatu da.
Etxebizitza
-10 gazteetatik batek bakarrik jaso du laguntza egoerari aurre egiteko.
-Gazteriaren herenak soldataren erdia etxebizitzara bideratzen du.
Elkarlanean: Oriarteko Ikasleon Asanblada, Kafe-Tertuliako nesken* taldea, Aztarrika Gazte Asanbada, Ernai Usurbil.