Txaloak entzun ziren bart Mikel Laboa plazan. Berezia, oso berezia izan baitzen Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik deituta azaroko azken ostiral honetan egindako mobilizazioa. Bilgunearen izenak islatzen duen aldarria bete da. "Usurbilen errepresaliatu politikorik gabe mobilizazio bat egiten dugun lehen aldia da", azpimarratu zuten.
Halakorik noiztik gertatzen ez zen ere oroitararazi zuten; eta horrek ematen du, Usurbilek nahiz Euskal Herriak hamarkada luzeotan bizitakoaren "testigantza". Halaxe oroitzen zuten ostiral honetako elkarretaratzeko deitzaileek. "1973tik, frankismoaren azken urteetan hainbat herritar espetxeratuak izan eta beste batzuk exiliatu zirenetik", duela 47 urtetik honenbestez udalerri honek beti izan du herritar errepresaliaturik.
Azkenak, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga. Gogoan izango duzue, Espetxeen Erakundeek 3. gradua ezarri zieten 2009. urtean atxilotu eta kartzelaratu zituzten bi herrikideei. 2018ko ekainean, espetxealdiaren hiru laurdenak beteak izanda kalean behar zuten arren, azkenean 2020ko azaroaren 6an, 3. gradua ezarri eta Aranjuezeko espetxetik Martutenekora lekuz aldatu zituzten. Une horretan ordea, asteburuan Usurbila etortzeko baimena eman zieten. Asteburua senideekin igarota, Martutenen aurkeztu zuten euren burua hilaren 9an. Patxiri astelehenetik ostegunera gauak Martutenen igarotzeko agindua ezarri zieten. Olatzen egoerarekin zer gertatuko zen ez zen argi hasieratik; azkenean, Olatzek ez du Martutenera itzuli beharrik izango.
Erabateko askatasuna lortu gabe
Espetxean preso ez dira Olatz eta Patxi baina era berean, oraindik erabateko askatasun egoeran ezta. Horregatik bart, errepresaliatu politikorik gabeko azken 47 urteetako lehen elkarretaratzea zela zioten, baina "oraindik orain ezin dugu argiki esan presorik ez dugunik. Izan ere, Olatzek eta Patxik ez dute oraindik behin betiko askatasuna eskuratu. Baina baldintza nahiko jasangarriak ezarri dizkiete eta gure artean daude, salbuespenezko legeria baztertu eta aspalditik izan behar zuten bezala. Eta ikusitakoak ikusita eta jasandakoak jasanda, ez da gutxi".
Poz handia agertu zuten aspaldi kalean behar zuten bi herrikideak jada etxekoekin daudela ikusita. "Sekulako poza da gu guztiontzat eta, zer esanik ez, eurentzat eta beren senide eta lagunentzat".
200 familia oraindik, urrunketaren eraginpean
Usurbili dagokionez beraz bai, errepresaliatu politikorik gabeko udalerria da jada. Euskal Herria ordea ez noski. "Madrilek eta Parisek euskal preso politikoei aplikatzen dieten salbuespenezko espetxe politika amaitu denik ezin esan, ordea. Egia da presioa pixka bat jaisten ari dela baina oraindik bide luzea dago egiteko; oraindik ehunka pertsonek, lagunek, 200 familiek, urrunketaren ondorio larriak jasaten jarraitzen baitute".
Besteak beste, egungo pandemia testuinguru honetan, senideek komunikatu nahiz bidaiatzeko dituzten zailtasun izugarriak daude. Baita noski urte hauetan guztietan bisitetara joaten egin beharreko ehunka kilometroetako bidaia luzeetan bizia galdu duten senideak ere hor dira. Igande honetan "beteko dira 17 urte Sara Fernandez iruindarrak bisitara zihoala errepidean bizitza galdu zuenetik. Abenduaren 6an, berriz, 16 urte izango dira Karmele Solaguren barañaindarrak patu bera ezagutu zuela". Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik bart salatu zutenez, "ez beraiek ezta dispertsioak eragindako gainontzeko 14 biktimek ere ez dute oraindik aitortza ofizialik jaso. Eta aitortza ezinbestekoa da horrelakorik berriro gerta ez dadin".
Mobilizatzen segitzeko deia
Mobilizatzeko eta gizarte aktibazioari eusten jarraitzea garrantzitsutzat jotzen dute, aldaketa batzuk ematen ari diren arren, "ez die erantzuten Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren eskakizunei. Espetxe-politikaren normalizazioa euskal preso guztiak Euskal Herrian daudenean emango da".
Euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak bizirik eta etxean izango diren testuinguru horretara iristeko bultzada emango duena euskal gizartea izango dela gogorarazten dute. "Presoak Euskal Herrira, etxera ekartzeko eta bakea eta elkarbizitza lortzeko bidea atzeraezina izan dadin, euskal gizartea da berriz ere, estatuak eta gobernuak mugiaraziko dituen motorra. Beraz, motorra, gu guztiok alegia, ezin da geratu".