Gazte Eguna

Gazte espazioez eta autogestioaz hausnartuz hasi dute gaurkoa

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 28a, 12:02

Martxan da Gazte Egunaren bigarren jardunaldia. Goizeko 11:00etatik Askatasuna plazan gazte espazioez eta autogestioaz hausnartzen ari dira. Ez ahaztu; larunbat arratsaldeko 17:30etan Mikel Laboa plazan elkarretaratzea, "gazteon bizi proiektuekin zer?" aldarripean.

Bart ekin zioten pandemiak baldintzaturiko Gazte Egunari Askatasuna plazan. Covid19a izan zuten hizpide hain zuzen. Hilabeteotako pandemia gazterian izaten ari den eraginaz jardun zuten. Gaur gazteentzako espazioak eta autogestioa hizpide hartuta, hausnarketa saio betean dira larunbat goiz honetan Askatasuna plazan bildutakoak. 

Gazte Eguneko azken hitzordua larunbat arratsalde honetan bertan, 17:30etan Mikel Laboa plazan.  "Gazteon bizi proiektuekin zer?" aldarripean mobilizatuko dira.

Pandemiak baldintzaturiko Gazte Eguna izaten ari da aurtengoa. Duela hilabete batzuk herriko gazte mugimenduak galdetegi bat plazaratu zuen, bizi dugun osasun krisialdiaren eragina aztertzeko. Datuak bilduta, hemen kaleratu dituzten ondorio nagusien berri:


Covid19-aren ondorioak Usurbilgo gazteongan
Zaintza eta harremanak:
-%50ak baino gehiagok etxeko zaintza lanen banaketan aldaketa bat nabaritu du.
-%80ak uste du etxean seguru ez bazaude ez daudela horri aurre egiteko baliabideak.

Kultura eta sortzaileak
-Gazteen %70ari Sortuz Bakardadea Isolatuz proiektuko ekitaldiak lagungarriak egin zaizkio.
-Gazte sortzaileak ezagutaraztera emateko gune baten aldarria aho bakarrekoa da.

Hezkuntza
-4tik ia hiruk erantzun dute ikasleen egoera ez dela kontuan hartu.
-%85ak “Ikasle Zaintza Sareek” jarraipena izatea merezi dutela uste du.

Enplegua
-Gazte langileriaren erdiak soldatan murrizketa nabariak pairatu ditu.
-5 gazte langileetatik batek diru sarrera osoa galdu du.
-Lan egoeraren prekarizazioa handitzeaz gain lan mundura sarrera mugatu da.

Etxebizitza
-10 gazteetatik batek bakarrik jaso du laguntza egoerari aurre egiteko.
-Gazteriaren herenak soldataren erdia etxebizitzara bideratzen du.

Elkarlanean: Oriarteko Ikasleon Asanblada, Kafe-Tertuliako nesken* taldea, Aztarrika Gazte Asanbada, Ernai Usurbil.