Txirikorda eta Akerrako proiektuetarako diru-laguntzak jaso ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 30a, 10:14

Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso dute Usurbilgo Udala sustatzen ari den bi proiektuek; etorkizunean Ugartondon kokatuko den Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren eta Akerra birgaitzeko egitasmoek. Txokoaldeko eraikinean elkarbiziko dira etorkizunean, gaztetxea eta auzotarren bilgunea.

Eusko Jaurlaritzaren 640.000 euroko diru-laguntza jasoko du Usurbilgo Udalak sustaturiko Txirikorda proiekturako. Ugartondoko etxebizitza berrien eremuan kokatuko den udal ekipamenduak “bultzada nabarmena jasoko du” Udalak ohartarazi duenez. 2.375.000 euroan baloratua du proiektua, eta haietatik 2.063.000 euro “jada lortuak eta lotuak ditu”.

16 zuzkidura bizitoki barne hartuko ditu Txirikordak, eta 40.000 euro jasoko ditu horietako bakoitzagatik: lor zitekeen kopuru osoa, alegia”. Egitasmoa zertan den ere azaldu dute Udaletik. “Exekuzio proiektua eginda, otsailean hasiko da lanak esleitzeko prozesua, 2021ean eraikitzen hasi, eta, hala, 2022 amaierarako martxan egotea nahi du udal-gobernuak”. Urte amaieran hasieraz onartu asmo dituzten 2021eko udal aurrekontuetako “inbertsiorik garrantzitsuena izango da”, iragarri dute Udaletik.

Jaurlaritzaren laguntza jasotzeko baldintzetako bat zen “udala izatea proiektuaren sustatzailea, eta halaxe bihurtu zen maiatzean Ugartondoko Hitzarmen Batzordearekin lortutako akordioaren bidez. Hasieran, eurek sustatu behar zuten Txirikorda, Ugartondoko etxebizitzak egiteagatik udalari eman beharreko %15aren truke. Akordio horrekin, Ugartondoko eremuaren %15 hori udalari dirutan ematea adostu zuten (1.423.000 euro). Exekuzio proiektua Jaurlaritzan aurkeztuta, dirulaguntzaren eskaera egin zuen udalak, eta orain iritsi da ebazpena: jaso zezakeen kopuru osoa jaso du, alegia, 640.000 euro. Kostu osoa estaltzeko, beste 312.000 euro jarriko ditu udalak 2022ko aurrekontuetan”.

Albiste honi atxikitako irudietan ikus dezakezue Txirikorda proiektua kokatuko den Ugartondoko eremua eta handik gertu eraikitzen ari diren adinekoen auzunea nola eraldatzen ari den Kalezar.

Gaztetxea eta auzotarren bilgunea
Txokoalden ere birgaitzen ari diren Akerra eraikinerako Jaurlaritzaren laguntza jaso du Udalak; 84.045,55 euro. “Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren Erein deialditik, landa eremua sustatu eta laguntzeko ateratakoa”. Gogoan izan, Akerra eraikinean elkarbiziko direla etorkizunean, gaztetxea eta txokoaldetarren bilgunea izango dena.