Covid19-ak eragindako pandemiak bizitzako eremu guztietan egokitu beharra ekarri du; baita egiteko moduak aldaraztea ere; kulturgintzan esaterako. Lehendik egoera prekarioa bizi zuten eta pandemiak egoera are gehiago zaildu dien sortzaileei plaza bat eskaini eta herritarrek kultur hitzordu interesgarriez goza zezaten Kultur Bira antolatu zuten uztailean hainbat herri eragileek Usurbilgo Udalarekin elkarlanean.
Egitasmoa covid19 garaiotara egokitu zuten; beharrezko prebentzio neurri guztiak hartuta ospatu ziren ekitaldi guztiak. Besteak beste, sarrerak eskuratzeko modua ere aldarazi zuten; horretarako jarri zuten martxan usurbilkultura.eus atari berria. Gerora ere hilabeteotan herrian antolatu izan diren beste hainbat ekintzetarako baliatu izan dena.
QR kodea jasoko dugu
Orain arte ekitaldietarako izena doan baino ezin zitekeen eman; web orrian erregistratu, gustuko ekitaldia hautatu, datu pertsonalak utzi eta gero, antolatzaileek egiten zuten zozketaren bidez esleitu izan dira doako sarrerak. Urrats berri bat eman dute oraingoan; ekitaldietarako izena emateaz gain, ordaindu beharreko sarrerak ere online eskuratu ahalko dira aurrerantzean, hilabete honetan bertan antolatu diren ekitaldietarako; "doako sarrerak eskatzeko ez ezik, ordainpekoak eskuratzeko aukera ematen du dagoeneko. Joan nahi den ekitaldia aukeratu, sarrera kopurua zehaztu, eta modu seguruan ordaintzeko datuak eskatzen ditu: ordainketa onartuta, QR kodea iritsiko zaio erabiltzaileari posta elektroniko bidez", Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez.
Doako sarrerei dagokionez, orain arte bezala, "zozketa bidez banatzen jarraituko dute; edukieraren araberako sarrera kopurua zozketatuko du sistemak jasotako eskari guztien artean".
Informazio gehiago:
usurbilkultura.eus