Ez da elurterik espero, baina lehen elur-malutak behe samarrean ikusteko aukera egon daiteke agian asteburu honetan. Hala dio Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpenak. Gipuzkoa barnealdea abisu horian izango da egunotan elurragatik. Ostiral goiz honetan, 1.000 metrotik 700-800 metrora jaitsi daiteke, "noizean behin 600 metrora". Zertxobait beherago ere bai arratsalde eta gau partean; "500-600 m artean egon daiteke, noizbehinka beherago".
Euskalmet-en arabera, 600 metrotan 0 eta 3 zentimetro arteko lodiera izan dezake; 2 eta 10 zentimetro artekoa 1.000 metrotan. Andatzak 564 metroko garaiera du.
Aipatu moduan ordea ez da elurterik espero. Baldintza zehatz horietatik at, botatzen duena euritan egingo du. "Goizaldean prezipitazio txiki-ertaina egingo du. Goizean ia ez da prezipitaziorik espero. Arratsaldean zaparrada txikiak botako ditu, zenbait tokitan ertainak, ugariago eta sarriago kostaldean. Ekaitzak jo dezake eta txingorra egin dezake kantauri isurialdean, bereziki kostaldean".
Larunbatean ere elurragatik abisu horian segiko du Gipuzkoa barnealdeak egun osoz. "Elur-kota 500-600 metrora egon daiteke, noizbehinka beherago ekialdean eta ekaitz eremuetan". Larunbateko lehen zatian hori; bigarrenean, "700-800 metrora egon daiteke". Ostiral honetan bezala, 600 metrotan 0 eta 3 zentimetro arteko lodiera izan dezake; 2 eta 10 zentimetro artekoa 1.000 metrotan".
Gainerakoan euria: "zaparrada txikiak botako ditu, zenbait tokitan ertainak; sarriago eta ugariago egunaren bigarren partean eta kantauri isurialdean, non trumoitsuak izan daitezkeen eta txingorra egin dezakeen".
Ekaitz giroa
Usurbili dagokionean, ostiral honetan, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Eguerditik aurrera zaparrada txikiak botako ditu, zenbait tokitan ertainak. Ekaitzak jo dezake eta txingorra egin dezake. Mendebal-osagaiko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Arratsaldean indarra galduko du. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da".
Bihar (abenduak 5), "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada txikiak botako ditu, zenbait tokitan ertainak; sarriago eta ugariago egunaren bigarren partean; trumoitsuak izan daitezke eta txingorra egin dezake. Mendebal-osagaiko haize bizia ibiliko da, tarte gogorrekin eta bolada oso gogorrekin; egunaren bigarren zatian ipar-mendebala nagusituko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoetan, aldaketarik ez".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus