Abenduaren 8an

"Herri bizi baten alde, aurrera ostalaritza!" aldarripean mobilizatzera deitu dute

Noaua Aldizkaria 2020ko abenduaren 4a

Ostiral bazkaloste honetan jaso dugun azken orduko deialdia lerrootan. Usurbilgo ostalaritza babesteko elkarretaratzea deitu dute datorren asteartean, abenduaren 8an, goizeko 11:00etan Mikel Laboa plazan; euria ari badu, frontoian. 

Covid19-ak eragindako pandemia tarteko, Eusko Jaurlaritzak ostalaritza guneak ixtea agindu zuen azaroaren 7an. Hilabete igaro berritan, Usurbilgo ostalaritza guneak babesteko elkarretaratzea deitu dute abenduaren 8an goizeko 11:00etan Mikel Laboa plazan. 

Deialdia albiste honi atxikita duzuen kartelaren bidez ezagutzera eman berri dute. Sektoreko langileak, kaltetu zuzenak honenbestez, baina zeharka ere, herriko taberna eta jatetxeen itxierak modu batean edo bestean eragiten ari zaien dendari, autonomo edota herritarrak ere hitzordura gonbidatu dituzte. 

Hilaren 8rako antolatu duten elkarretaratzean bildu nahi dituzte guztiak, "herri bizi baten alde, aurrera ostalaritza!" aldarripean. Dei argia egin dute; "SOS Ostalaritza".

SOS OSTALARITZA, ELKARRETARATZEA

Aldarria: "Herri bizi baten alde... aurrera ostalaritza!".
Eguna: abenduak 8, asteartea.
Ordua: 11:00.
Tokia: Mikel Laboa plaza (euria eginez gero, frontoian).
Nori zuzendua: "zerbitzariak, sukaldariak, bezeroak, herritarrak, dendariak, autonomoak... Denok ongi etorriak izango zarete! Kafe bero-beroa egongo da!".