Matrikulazioa

Musika zaletasuna asetzeko Zumarteren ikastaro eskaintza berria 2021ean

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 7a, 09:42

2021ak eskaintza berritua dakar Zumartera. Musika zaletasuna asetzeko ikastaro sorta zabala adin tarte guztietako herritarrentzat, baina bereziki 55 urtetik gorako kolektiboa erdigunean jarrita. Ikastarootan izen emateko epea zabalik izango da abenduaren 13ra arte.

"Musikarekin gozatu nahi duzu?", hortxe Zumartetik egiten diete galdera, zaletasun hau duen herritar orori. Erantzuna baiezkoa ematen dutenentzat, denetariko ikastaro eskaintza zabala prestatu du musika eskolak urte berrirako.

Urtarrila edo otsailean hasi eta ekainera arte, sei hilabetez honenbestez luzatuko diren saioetan denetarik aurkitu ahalko duzue; txalaparta, Dj eta musika elektronikoa, kantu modernoa, soinu teknika eta grabazioa... Aipatu moduan, 55 urtetik gorako kolektiboari zuzenduriko eskaintza zehatza ere prestatu dute Zumartekoek; gitarra klaseak edota musika mintzaira saioak antolatu dituzte. Eta 0-3 urte artekoentzako musika saioak baita.

Matrikulazio epea zabalik du jada Zumartek abenduaren 13ra arte. Informazio gehiago jasotzeaz gain, izen ematea zumarte.eus atarian bideratu ahalko duzue.

Parte hartzeko gonbita luzatu dute. "Badatoz 2021. urteko ikastaro berriak! Gogoz eta ilusioz prestatzen egon gara, anitzak, adin ezberdinei zuzenduak eta musikaz gozatzeko osatuak. Aukeratu zurea eta eman izena abenduaren 5etik 13ra bitarte zumarte.eus webgunean. Bizi musika!".