Ostalaritza babestu eta herri bizi baten aldeko elkarretaratzea astearte goizean

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 7a, 07:19

"Herri bizi baten alde, aurrera ostalaritza!" aldarripean elkarretaratzea deitu dute astearte goizean (abenduak 8) 11:00etan Mikel Laboa plazan. Euria ariko balu, frontoian egingo da mobilizazioa. Herri osoa dago deitua parte hartzera.

Asteburu euritsu honetan, dugun panoramaren lekuko argia izaten ari gara. Kalean negu giro betean, ostalaritza guneak itxita. Irekiak dauden saltokien bueltan aurki daiteke herritarren mugimendu bakanetakoak.

Eguraldiak soilik ez noski, covid19-ak eragindako pandemiaren aurrean indarrean diren neurri murriztaileen isla argia dugu udalerria egunotan. Herri giroa apaldua dago bistan denez. Antolatzen diren kultur hitzorduek eusten diote une zailak bizi dituen herri bizitzari. Herritarren betidaniko bilguneak izan diren tabernek hilabete daramate itxita.

Gogoan izan, besteak beste, covid19-aren hedapenari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak ostalaritza guneak ixtea agindu zuen azaroaren 7an. Hilabetea igaro da ordutik; tabernak itxita, sektore honetako langileek lanik egin ezinik... Usurbilgo ostalaritza babesteko elkarretaratzea deitu dute asteartean, abenduaren 8an goizeko 11:00etan Mikel Laboa plazan. Euria egingo balu frontoian.

Deialdia albiste honi atxikita duzuen kartelaren bidez ezagutzera eman dute. Sektoreko langileak, kaltetu zuzenak honenbestez, baina zeharka ere, herriko taberna eta jatetxeen itxierak modu batean edo bestean eragiten ari zaien dendari, autonomo edota herritarrak ere hitzordura gonbidatu dituzte. Herri osoa dago parte hartzera deitua beraz.

Hilaren 8rako antolatu duten elkarretaratzean bildu nahi dituzte guztiak, "herri bizi baten alde, aurrera ostalaritza!" aldarripean. SOS deia egin dute.

SOS OSTALARITZA, ELKARRETARATZEA

Aldarria: "Herri bizi baten alde... aurrera ostalaritza!".
Eguna: abenduak 8, asteartea.
Ordua: 11:00.
Tokia: Mikel Laboa plaza (euria eginez gero, frontoian).
Nori zuzendua: "zerbitzariak, sukaldariak, bezeroak, herritarrak, dendariak, autonomoak... Denok ongi etorriak izango zarete! Kafe bero-beroa egongo da!".