Euria eta haizeagatik abisu horian egunotan

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 7a, 08:24

Negu giroan segiko dugu datozen egunotan ere. Euriaz gain, haizea ere izango dugu datozen orduotan. Abisu horia ezarri dute astelehen arratsaldeko 18:00etan hasi eta goizaldeko 6:00ak arte. Asteartean egun osoz bestalde, abisu horian izango gara "prezipitazio iraunkorragatik"

Azken egunon ildotik, euritan jarraituko dugu estreinatu berri dugun aste honetan ere. Haizea batuko zaio euriari astelehen honetan. Abisu horian izango gara hamabi orduz, arratsaldeko 18:00etan hasi eta goizaldeko 6:00ak arte, Euskalmet meteorologia agentziak iragarri duenez. Batetik, haizeguneetan, "mendebal-osagaiko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki kostaldean". 

Bestalde, "mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneak ez diren lekuetan, bereziki kostaldetik hurbilen dauden lekuetan", 21:00-03:00 artean. 

Gogotik botako du
Euria ere gogotik botako du baita. Ondorioz, "prezipitazio iraunkorragatik" abisu horian izango gara asteartean egun osoz. "Baliteke, Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 60 l/m² baino gehiago pilatzea 24 orduan. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du; prezipitazioa iraunkorra eta oso ugaria izan daiteke kantauri isurialdeko zenbait lekutan. Zaparrada trumoitsuak eta txingorra bota dezake kantauri isurialdean", Euskalmet-ek iragarri duenez.

Astelehen honetan beraz Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du. Ekaitzak jo dezake eta txingorra egin dezake. Mendebal-osagaiko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin. Goizean indartu egingo da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da".

Bihar (abenduak 8), "zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du; iraunkorra eta ugaria izan daiteke. Ekaitzak jo eta txingorra egin dezake. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin, bereziki egunaren lehen partean. Tenperatura gutxi jaitsiko da.".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus