NOAUA! Eskaintza honek ez du Zumarteren ohiko matrikulazio kanpainarekin zerikusirik, ezta?
Ixak Arruti: Ez, hau beste kontu bat da. Beti izan dugu horrelako eskaintza berri bat egiteko gogoa. Eta adina zabaltzeko gogoa ere bai. Zumarteren lehengoko eraikinak ordea, ez zigun horretarako aukerarik ematen. Baina orain, eraikin berriarekin, ikastaro hauek proposatzeko moduan gaude.
+55 ageri da ikastaro batzuen aldamenean. Adineko jendeari zuzenduta dauden seinale.
Bi ideia nagusirekin egin dugu proposamena. Batetik, Zumarteren eskaintza garai berrietara egokitu nahi dugu. Kantu modernoa, musika elektronikoa edota soinu teknikari buruzko ikastaroak antolatu ditugu.
Bestetik, adin tartea zabaldu nahi dugu. 0-3 urteko haurrei nahiz 55 urtetik gorakoei.
Garai berriotako ikasgaiak aipatu dituzu, baina txalaparta ikastaro bat ere antolatu duzue.
Usurbil txalaparta munduan izan denarekin, galdua bezala ikusten genuen. Pena ematen zigun eta txalaparta ikastaroa antolatzea pentsatu dugu. Sergio Lamuedra hernaniarrak eskainiko du eta eminentzia bat da txalaparta munduan.
Gitarra ikastaroa zuk eskainiko duzu. Ezagutzarik behar da edo zerotik hasiko al zarete?
Asmoa da 55 urtetik gorakoentzako talde bat osatzea. Gehienbat jubilatuei begira dago pentsatuta. Bada gitarra ikasteko gogoa bai, baina orain arte aukerarik izan ez duenik. Haiei aukeratxoa emateagatik antolatu dugu. Gitarra ikasiko dugu zerotik hasita. Eta euren gustuko kantak ikasteko aukera izango dute. Boleroak edo kanta modernoxeagoak.
Ikasleek beraiek kantak proposatzeko aukera izango dute.
Noski baietz! Ondo pasatzea da asmoa. Musikarekin jolastu eta gozatzea.
Beste ikastaroak ere antzeko filosofiarekin egingo dira, ezta?
Denak horrela egingo dira. Asmoa da aurtengoak hastapen ikastaroak izatea. Eta hurrengo urteei begira, hastapen ikastaroa egin dutenek sakontzeko aukera edukiko lukete.
Jende helduaz ari gara, baina lokalean entseatzen dagoen gazte talde batentzat adibidez, interesgarria izan daiteke grabaketa ezagutza batzuk izatea ezta?
Hori da, lokalean grabazio bat egin nahi badute, “Soinu teknika eta grabazioa” ikastaroan ikasitakoa oso baliogarria izango zaie.
2021 urterako antolatu dituzten ikastaroak
Txalaparta
Iraupena: Urtarriletik ekainera.
Maiztasuna: Astean ordu bat.
Eguna: zehazteko.
Prezioa: 46 euro/hilean.
Irakaslea: Sergio Lamuedra.
Dj eta musika elektronikoa
Iraupena: Urtarriletik ekainera.
Maiztasuna: Astean ordu bat.
Eguna: asteazken arratsaldea.
Prezioa: 35 euro/hilean.
Irakaslea: Telmo Trenor.
Soinu teknika eta grabazioa
Iraupena: Urtarriletik ekainera.
Maiztasuna: Astean ordu bat.
Eguna: Ostiral arratsaldea.
Prezioa: 35 euro/hilean.
Irakaslea: Jurgi Taboada.
Gitarra +55 urte
Iraupena: Otsailetik ekainera.
Maiztasuna: Astean ordu bat.
Eguna: Ostegun goiza.
Prezioa: 35 euro/hilean.
Irakaslea: Ixak Arruti.
0-3 haur musika
Iraupena: Urtarriletik ekainera.
Maiztasuna: Hilabetean ordu bat.
Eguna: Larunbat goiza.
Prezioa: 60 euro.
Irakaslea: Araitz Larrea.
Kantu modernoa
Iraupena: Urtarriletik ekainera.
Maiztasuna: Astero 30 minutu.
Eguna: Zehazteko.
Prezioa: 46 euro/hilean.
Irakaslea: Ainara Ortega.
Musika mintzaira +55 urte
Iraupena: Urtarriletik ekainera.
Maiztasuna: Astero ordu bat.
Eguna: Astearte goiza.
Prezioa: 35 euro/hilean.
Irakaslea: Amagoia Mitxelena.
Izen-ematea:
Online egin behar da, zumarte.eus web orrian.
Epea: abenduak 13.
Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.