Sos ostalaritza

"Ostalaritzak herriari asko ematen dio eta herriak ostalaritzari ere!"

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 8a, 13:54

Herri ostalaritza babesteko goizean egin den elkarretaratzearen harira ondoko adierazpena plazaratu dute sektoreko langileek. Hilabeteotan bizi duten bidegabekeriaren lekukotza argia da ondoko idatzia. Martxoko konfinamenduaz geroztik bizitzen ari diren egoera islatzen du. Ozen eta argi diote; "gu ez gara errudunak!", ostalaritza guneak itxita egon arren, covid19 kasuak ez direla murriztu ohartarazita. Hitz eman zaizkien laguntzen zain segitzen dutela salatzen dute, baina garrantzitsuena, "ez digute lan egiten uzten!" nabarmentzen dute. Ostalaritzak herriari eta herriak ostalaritzari "asko ematen dio" gogorarazten dute.

ADIERAZPENA
Egun on!
Milesker, eguraldi kaxkar honekin etortzera animatu zareten guztioi! Dakizuen bezala, martxoaren 13an ixtera behartuak izan ginen eta denon hobebeharrez txintik esan gabe! 

Udan berriz zabaltzean, beste sektore guztiak baino osasun neurri eta baldintza gogorragoetan egin genuen, nahiz eta hau guztia nahikoa ez izan, covid19aren fokua gure gainean jarri dute ostalaritza kriminalizatuz eta sektorea berriz ere itxialdira eramanez! 

Gu ez gara errudunak! Adibide garbia da, ostalaritza itxita egon arren, covid kasuek ez dutela beherantz egiten! 

Ez digute lan egiten uzten! Diru-sarrerarik gabe, gastuek berdin jarraitzen dute, zergak, argia, alokairua... Laguntzak egongo direla diote politikariek, tamalez ez dira gauzatzen, hitz hutsak! 

Gutako askok gure aurrezkietatik tira behar dugu, beste batzuk maileguak eskatzera iritsi dira eta tamalez askok ez dituzte beren negozioko ateak berriz zabalduko! Denok galduko dugu! 

Ostalaritzak herriari asko ematen dio eta herriak ostalaritzari ere! Azken egunotan Usurbilgo kaleak hilik daude, triste! Guk herri biziak maite ditugu, gu herria gara, ostalaritza SOS!!!

Milesker eta animooo!