Abenduaren 8ko “ospakizunik ez dugu izango aurten”. Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteko ordezkariek ohar bidez jakinarazi dute. Urtea ez da erraza izan eta horregatik urtean zehar odola ematera hurbildu diren guztiei eskerrak eman nahi dizkiete.
2020. urtea betiko martxan hasi zuten. Lehen bi odol-emateak anbulategian antolatu zituzten. Covid19 birusa agertu zen eta maiatzetik aurrerakoak Udarregi ikastolako patioan egin behar izan dituzte. “Aurten bizi dugun egoera dela eta, odol-emateak ez dira ohikoak izan”, Usurbilgo elkarteko kideek aditzera eman dutenez. “Orain Donostiatik deitzen zaie odol emaileei, ordua eta tokia zehaztuz. Pilaketak izan ez daitezen, orduko 6 edo 7 pertsonei deitzen zaie”.
Hala ere, 211 odol-emate egin dira aurten, “eta horietatik 117 usurbildarrenak izan dira”. Datorren urtean ere martxa honetan jarraituko dute. Egunak eta lekuak zehaztu gabe daude hala ere. “Deia jasotzen dutenei, odola ematera hurbildu daitezela animatu nahi ditugu, pandemia garaian ere odola beharrezkoa delako. Laguntzera joaten garenok ezingo gara bertan egon eta, lerro hauetatik, eskerrik asko emaile guztiei”.
Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteko kideek, azkenik, eskerrak eman nahi dizkiote Usurbilgo Udalari, ikastolako espazioa eskaintzeagatik.