Covid19-ak hankaz gora jarri du aurten herri bizitza, eta hamaika dinamika. Urte amaiera ez da salbuespena izango. Baina egungo osasun krisialdira egokitutako hainbat ekimen bideratu dira hilabeteotan eta ildo beretik segiko dugu asteotan. Duela urtebetera arte ohikoak genituen beste hainbat ordea ezingo dira ospatu.
NOAUA! Kultur Elkarteari dagokionez, abenduaren 20an San Tomas Azoka antolatzeko asmotan ginen. Pandemiak ordea frontoiaren bueltan izaten genituen postuak, azoka bera bere horretan ospatzea eragotziko du oraingoan.
Txapelketa egokituak
Jai honen baitan antolatu izan ditugun babarrun eta sagardo txapelketei ordea eustea erabaki du NOAUA! Kultur Elkarteak. Herriko ekoizleek beraz, etxean egiten duten aipatu jaki nahiz edaria batu eta lehiaketara aurkezteko aukera izango dute asteazken honetatik, abenduaren 9tik 11ra, kultur elkarteko egoitzan. Ordutegi honetan: 8:00-13:00/16:30-18:30.
Eta izatez azoka ospatu behar genuen egunean, hau da abenduaren 20an urteroko sari banaketa egingo dugu, covid19-aren eraginez, egungo ezohiko testuinguru honetara egokitua egongo den ekitaldi batean.
Ondoko kartelean dituzue San Tomaseko babarrun eta sagardo txapelketei lotutako zehaztasunak; argibide gehiago behar dituenak, NOAUA! Kultur Elkartean edo 943 360 321 telefono zenbakian jasoko ditu.