Online dendarekin eta Durango nahiz udalerri honek mugakide dituen inguruetako herritarren bisitekin ospatu dute egunotan, amaitu berri den pandemia garaiko lehen Durangoko Azoka. Bisitarien artean Usurbilgo ordezkaritza bat izan da urtero moduan, sortze lanak aurkezten.
Jakoba Errekondok Argiak plazaraturiko "Etxeko landarea" liburua aurkeztu zuen.
Ixabel Agirresarobek eta Iñaki Martiarena “Mattinek” ondutako "Amona Tomaxaren abenturak" ipuin berri bat argitaratu zuen iragan asteko NOAUA!k. Elkar argitaletxearekin beste ipuin bat ere plazaratu eta aurkeztu dute bi egileok amaitu berri den Durangoko Azokan, 4 urtetik gorako haurrentzat.
Larratxeren bi argitalpen
Joseba Larratxek Asisko Urmenetarekin landutako eta Ikastolen Elkarteak argitaraturiko "Basolatik berri onik ez" argitalpena aurkeztu zuen. "Orbaizetako Olan zer berri dela? Burdin gori urtuak izenik gabeko langileak zulatzen dituela, gaitzeko izurriteak soldaduak euren gomituan itoarazten dituela, Atariez haragoko bidean Hartza baino puskaz makurragorik badagoela, eta Oihana bera Labeetako Sua itotzera abiatua dela. Ez berri gehiagorik ekarri, mezulari, jakin behar baitut neure begiez Basolan zer berri den...", hortxe argitalpen honen aurrerapena.
Josu Ozaita antropologoak idatzitako "Gau beltza" liburua ere aurkeztu zuten Garazi Arrula Ruiz editoreak eta biek Durangoko Landakon. Joseba Larratxek jarri dizkio liburuari ilustrazioak. "Gaztetxoei zuzendutako liburu honetan, gure arbasoek zuten ohitura bihurri baten berri ematen da Anari eta bere lagunen ibileren bitartez.
Mihiseren musika
Ezohikoa izan den azoka musikaz girotzen izan da Usurbilgo ordezkaritzarik. Mihise taldeak "Kronik@" diskoa aurkeztu du, modu ezin egokiagoan noski; Antton Aranburu Illarramendik (kitarra eta ahotsa), Beñat Urteaga Larrañagak (baxua eta ahotsa) eta Mikel Olasagasti Añorgak (bateria) eskaini zuten kontzertuaren bidez.
"Hotzikara taldeak joera aldaketa bat izan zuela baliatuz sortu da Mihise eta ia bost urtez landutako bidaia bat proposatu digute Kronik@ lan honetan. Estilo aldaketa, instrumentu aldaketa, formazio aldaketa… Ez dira gauza gutxi izan diska hau kaleratzeko eman beharreko pausuak eta horrek interes berezia eman dio lanari", zioten azokako antolatzaileek taldearen lana aurkezteko iragarpenean.
Segidan dituzue sortze lan guztion aurkezpen ekitaldiak, Durangoko Azokako antolatzaileek grabatu dituzten bideoetan. Informazio gehiago: durangokoazoka.eus
Usurbilgo sortzaileen uzta
Urte amaiera honetan Usurbilgo sorkuntza oparitzeko aukera ezinhobea izan dezakezue. Durangoko Azokan aurkeztu dituztenez gain, badira lan gehiago ere. Abenduaren 14tik aurrera Sutegin izango dituzue ikusgai, azken urteotan egin bezala, Sutegi udal liburutegiak eta NOAUA! K.E.-k antolaturiko "usurbildarren uzta" erakusketatxoan.