Koronabirusa

"Transmisio altuko" egoeran egon arren, eguberrietarako neurriak malgutzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 10a, 12:27

LABI-ak eginiko bileraren ostean, covid19aren hedapena murrizteko urte amaiera honi begirako neurri berezien berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Egun indarrean direnak malgutzea erabaki du Jaurlaritzak. Herri arteko mugikortasuna baimenduko da Gipuzkoan, ostalaritza guneen irekiera iragarri dute, 10 pertsonako bilkurak eta etxeratze-aginduaren atzeratzea gabonetako ospakizun egunetan...  Jaurlaritzak ostiralean argitaratuko ditu neurriok, dekretu bidez. Larunbatean, abenduaren 12an jarriko dituzte indarrean.

Egoerak hobera egin duela adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak ostegun iluntze honetan, LABIk egin duen bileraren amaieran neurri guztiok iragartzeko egin duen agerraldian. Egoera hobetu dela baina larrialdi egoeran jarraitzen dugula gogorarazi du. Transmisio oso altuko bosgarren mailatik, laugarrenera, transmisio altura igaro garela; 100.000 biztanleko 850eko intzidentziatik 327ra murriztu dela aipatu tasa. "Hilabete eta erdian guztion artean egoera hobetu eta etxeko konfinamendua eragoztea lortu dugu. Asko lortu dugu eta ez dugu atzera egin behar", ohartarazi du

Baina arduraz jokatzen segitzeko deia egin du. "Prebentzio neurri hoberena pertsona bakoitzaren kontzientzian dago", nabarmendu du. Ate joka diren gabonei begira, urteroko ohiko ohiturak aldatu beharko ditugula aurten. "Eguberri hau ezberdina egin behar dugu. Ezer aldatzen ez badugu, egoerak ez du hobera egingo", ohartarazi du.

Testuinguru honetan, covid19aren hedapena murrizteko egun indarrean diren neurri murriztaileak malgutzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Ostiralean dekretu bidez argitara emango dituzte eta larunbatean, abenduaren 12an jarriko dira indarrean:

-Etxeratze-agindua bere horretan mantenduko da, 22:00-06:00 artean. Abenduaren 24tik 25erako eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gauean, 01:30ak arte atzeratuko da etxeratze-agindua.

-Gipuzkoa barruko mugikortasuna baimenduko da, baina Gipuzkoatik ezingo gara atera abenduaren 23ra arte.

-Abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra Euskadiko konfinamendu perimetrala kenduko da. EAE-ra sartu eta EAE-tik irten ahalko gara.

-Gehienez 6 pertsonak bilkurak baimentzen segiko dute. Gehienez 10eko bilkurak, abenduaren 24ean, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean. Gehienez hamar kideko bilkurok, gehienez bi bizikidetza unitate ezberdinekoak izatea iradokitzen da, eta beti berdinak izatea ospakizun guztietan.

-Jende pilaketak bultzatzen dituzten ekitaldiak bertan behera geratzen dira: gabon gaueko kantu saioak, urtezahar gaueko festak, San Tomas jaiak, San Silbestre lasterketak edota kaleko kabalgatak.

-Ostalaritza guneen irekiera 06:00-20:00 artean (zerbitzuguneak salbuetsita), 100.000 biztanletik 500 kasutik beherako intzidentzia duten udalerrietan. Terraza irekiak, barneko zerbitzua %50era murriztua, mahaietan eserita kontsumitu ahalko da, zutik eta barran ez. Maskara une oro eta egoki erabili behar da espazio guztiotan, jateko edo edateko unean soilik kendu ahalko da.

-Kirol federatuko entrenamenduak baimenduak, gehienez seiko taldeetan; aldagelen edukiera %30ean okupatu ahalko da, dutxak banaka baliatu ahalko dira.

-KIrol jardueren gainerako murrizketak bere horretan mantenduko dira. Urtarrilaren 11n murrizketok malgutzeko aukera aztertuko dute, une horretan egoera epidemiologikoaren arabera.

-Adinekoen egoitzetara bisitak egiteko araudi berezia jarriko dute indarrean.