San Tomas

San Tomaseko babarrun eta sagardo txapelketetan izen emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 11a, 09:27

NOAUA! Kultur Elkarteak abenduaren 20an ospatzea aurreikusia zuen San Tomas Azokarik ez da izango aurten, covid19-ak eragindako pandemiagatik. Baina babarrun eta sagardo txapelketak bai, antolatu ditugu. Herriko ekoizleek etxean landutako produktuok NOAUA!ren egoitzara ekartzeko azken eguna dute ostiral hau, abenduaren 11.

San Tomas Azoka ez baina jai horren baitan antolatu izan ditugun babarrun eta sagardo txapelketei ordea eustea erabaki du NOAUA! Kultur Elkarteak. Herriko ekoizleek beraz, etxean egiten duten aipatu jaki nahiz edaria batu eta lehiaketara aurkezteko aukera zabalik izan dute asteazkenaz geroztik; ostiral hau dute ekimenotan izen emateko azken eguna. 

Ondoko kartelean dituzue San Tomaseko babarrun eta sagardo txapelketei lotutako zehaztasunak; argibide gehiago behar dituenak, NOAUA! Kultur Elkartean edo 943 360 321 telefono zenbakian jasoko ditu. 

Izatez azoka ospatu behar genuen egunean, hau da abenduaren 20an urteroko sari banaketa egingo dugu, covid19-aren eraginez, egungo ezohiko testuinguru honetara egokitua egongo den ekitaldi batean. 

Azokarik ez
Covid19-ak hankaz gora jarri du aurten herri bizitza, eta hamaika dinamika. Urte amaiera ez da salbuespena izango. Baina egungo osasun krisialdira egokitutako hainbat ekimen bideratu dira hilabeteotan eta ildo beretik segiko dugu asteotan. Duela urtebetera arte ohikoak genituen beste hainbat ordea ezingo dira ospatu. 

NOAUA! Kultur Elkarteari dagokionez, abenduaren 20an San Tomas Azoka antolatzeko asmotan ginen. Pandemiak ordea frontoiaren bueltan izaten genituen postuak, azoka bera bere horretan ospatzea eragotziko du oraingoan.