Abisu horian haizeagatik, ostiral arratsaldetik larunbat goizaldera

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 11a, 08:00

100 kilometro orduko haize boladak izan ditzakegunez, abisu horia ezarri dute ostiral arratsalde honetan, 15:00etan hasi eta larunbat goizaldeko 6:00ak arte.

Euskalmet meteorologia agentziak iragarri duenez, abisu horian izango gara ostiral arratsaldeko 15:00etan hasi eta larunbat goizaldeko 6:00ak arte haizeagatik. "Mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladak 80-100 km/h ingurukoak izango dira. Haizeguneak ez diren tokietan mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke", ohartarazi du aipatu meteorologia agentziak.

Giro honekin, Usurbilen ostiral honetan "zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txiki-ertaina egingo du; euria iraunkorra eta oso ugaria izan daiteke, bereziki ekialdean eta goizean. Azken orduetan atertzera egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Arratsaldean mendebal/ipar-mendebaldeko haizea indartu egingo da, tarte gogorrekin eta bolada oso gogorrekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da", Euskalmet-ek iragarri duenez.

Larunbatean, "zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txiki-ertaina egingo du, bereziki ekialdean eta egunaren lehen partean. Arratsalde-gauean atertzera egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin egunaren lehen partean; arratsaldean indarra galduko du eta gauean hego-mendebaldera egingo du. Tenperatura gutxi edo nahikoa jaitsiko da, bereziki maximoak".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus