"Argiztatu herria"

"Preziyo Juxtua" ekimenaren ostean, "Argiztatu Herria" Hurbilagoren kanpaina berria

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 14a, 13:29

"Preziyo juxtua" ekimenaren ostean, "Argiztatu Herria" kanpaina iragarri du Hurbilago Elkarteak 2020ko azken hamabostaldirako. Gabonetako 5 otar zozketatuko dituzte abenduaren 31n, ordura arte, Usurbilen bizitzeaz gain, herrian bertan, Hurbilagoko kide diren saltokietan erosketak egiten dituztenen artean.

Usurbilgo herri merkataritza eremuaren sarbidea, argiztaturiko etxolez apaindua dago iragan hilabetetik, ondoko argazkian ikus dezakezuen moduan. Hurbilago Usurbilgo ostalari eta merkatarien elkarteak girotu du urte garai honetarako Askatasuna plaza ondoko biribilgunea. Astelehen honetan bertan atera dute talde argazkia, "preziyo juxtua" ezagutzera eman duten Hurbilagoko dendariek. 

Gabonetako kanpaina betean dira jada; adi, "preziyo juxtua"ren ekimena amaitu da, baina sariak ez dira agortu. Usurbilen bizitzeaz gain, herrian bertan erosteko ahalegina saritzen jarraitu asmo du Hurbilagok datozen asteotan. 

Hain zuzen, aipatu etxola horien bueltan ekimen berri bat abiarazi dute, "Argiztatu Herria" izenekoa, gonbita argia eginez; "erosi herriko dendetan, eta irabazi sariak!". Gabonetako bost otar zozketatuko dituzte hilaren 31n, abenduaren 16rik ordura arte herriko saltokietan erosketak egiten dituztenen artean. Bost otar hauek laster ikusgai izango dituzue, hain zuzen, "preziyo juxtua" ekimena kokatu duten Kontzeju Zarra 13ko erakusleihoan (2015eko Kilometroak urtean, produktuak saltzeko denda gisa baliatu zuten lokalean). Zorte on!