“Andatza: errotarriak, mugarriak eta aztarna arkeologikoak” jardunaldien bigarren saioa gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 16a, 11:21

“Andatza: errotarriak, mugarriak eta aztarna arkeologikoak”, jardunaldien baitan bigarren saioa iragarri du Usurbilgo Udalak asteazken honetarako, abenduaren 16rako. “Errotarriak eta mugarriak” hizpide izango dituzten solasaldia antolatu dute 18:30etan Sutegiko auditorioan. Horrez gain, adi; altxor hauek gertutik ezagutzeko aukera izango da Udalak, larunbaterako antolatu dituen txangoetan.

Asier Agirresarobe, Yoseba Alonso eta Javi Castro ariko dira hizlari lanetan. "Javi Castro ikerlariak Andatzan egindako lanari esker, munduan harrobi kopuru gehien duten bost udalerrien artean dago Usurbil: 24 harrobi eta 129 errotarri topatu ditu. Halaber, mugarri pribatuak zein publikoak daude Andatzan. Pribatuen artean daude Orreagako Andre Maria kolegiatarenak, historia luzea dutenak".

78 lagunentzako lekua egongo da kultur etxean. Hitzordurako izena aurrez bideratu beharko zen, abenduaren 14a baino lehen, usurbilkultura.eus atarian.

Txostena
Honakoa, Andatzako altxorrei lotutako bigarren jardunaldia izango da. Estreinakoa azaroaren 19an egin zuten Sutegin. Andatzan azken urteotan egindako lanen errepasoa egin zuten Aranzadi zientzia elkarteko kide Izaro Quevedo eta Manu Zeberio arkeologoek, "Andatza: errotarriak, mugarriak eta aztarna arkeologikoak" saioaren baitan. Aurkitutako zenbait pieza ere erakutsi zituzten. 

Txangostako megalitoari eta Irigaingo aztarnategiari buruz Aranzadik landutako txostena argitaratu du asteotan Usurbilgo Udalak. Hemen duzue esteka: "Txangostako megalitoa eta Irigaingo aztarnategia"

Txangoak larunbatean
Asteotako "Andatzako altxorrak: errotarri, mugarri eta aztarna arkeologikoak" jardunaldiak borobiltzeko, Sutegiko solasaldietan hizpide izan diren altxorrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da adituen eskutik. Larunbat honetan (abenduak 19) izango da, Usurbilgo Udalak 9:00-12:00 artean antolatu dituen txangoetan.

Egungo osasun krisialdira egokitutako hitzorduak izango dira: gehienez seiko taldeetan abiatuko dira irteerak ordu tarte horretan, hogei minuturo Igartzazabal baserri paretik. Sei kilometroko ibilaldiak izango dira. Irteera hauetarako izena abenduaren 17a baino lehen eman beharko da usurbilkultura.eus atarian. Gehienez 54 lagunentzako lekua egongo da. "Udalak adieraziko die izena emandakoei zein ordu-tarte dagokien", ohartarazi dute antolatzaileek.