"Argiztatu Herria", gabonetako bost otar zozketatuko dituen Hurbilagoren kanpaina martxan

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 16a, 09:15

"Preziyo juxtua" ekimenaren ostean, "Argiztatu Herria" kanpaina iragarri du Hurbilago Elkarteak 2020ko azken hamabostaldirako. Gabonetako 5 otar zozketatuko dituzte abenduaren 31n, ordura arte, Usurbilen bizitzeaz gain, herrian bertan, Hurbilagoko kide diren saltokietan erosketak egiten dituztenen artean.

Usurbilgo herri merkataritza eremuaren sarbidea, argiztaturiko etxolez apaindua dago iragan hilabetetik, ondoko argazkian ikus dezakezuen moduan. Hurbilago Usurbilgo ostalari eta merkatarien elkarteak girotu du urte garai honetarako Askatasuna plaza ondoko biribilgunea. Aste hasieran bertan atera zuten talde argazkia, Kontzeju Zarra 13 kaleko erakusleihoaren "preziyo juxtua" ezagutzera eman zuten Hurbilagoko dendariek. 

Gabonetako kanpaina betean dira jada; adi, "preziyo juxtua"ren ekimena amaitu dute, erakusleihoko opariak nortzuk jasoko dituzten berri eman zuten aste hasieran, baina sariak ez dira agortu. Usurbilen bizitzeaz gain, herrian bertan erosteko ahalegina saritzen jarraitu asmo du Hurbilagok datozen asteotan. 

Hain zuzen, aipatu etxola horien bueltan ekimen berri bat abiarazi dute, "Argiztatu Herria" izenekoa, gonbita argia eginez; "erosi herriko dendetan, eta irabazi sariak!". Gabonetako bost otar zozketatuko dituzte hilaren 31n, abenduaren 16tik ordura arte herriko saltokietan erosketak egiten dituztenen artean. Bost otar hauek laster ikusgai izango dituzue, hain zuzen, "preziyo juxtua" ekimena kokatu duten Kontzeju Zarra 13 kaleko erakusleihoan (2015eko Kilometroak urtean, produktuak saltzeko denda gisa baliatu zuten lokalean). Zorte on!