Covid19ak kendu ez digun edo emaria eten ez zaion iturria sorkuntzarena dugu.
Usurbil dugu horren adibide argia. Herritarrek hainbat sortze lan plazaratu dituzte guztiz ezohikoa izan eta amaitzear dugun urte honetan. Oparitzea egokitzen den garaiotan, zer hobeto Usurbilgo sortzaileen lanak elkarbanatzea baino. Asteotan ikusgai izango dituzue Sutegi udal liburutegiak eta NOAUA! Kultur Elkarteak urtero moduan, Sutegin jarri duten erakusketatxoan. Lan bilduma hau liburutegian bertan, edota Lizardi zein Laurok dendetan eskuragarri izango duzue.
Nobedadeen artean, Yolanda Arrietaren “Txokolategia”. Aurreko bere “Ataria” eleberriaren adartzat har daitekeen sortze lan fantastikoa. “Zergatik ez da ageri txokolate-maistrarik Historian?” galderari tiraka sortu duen lana da honakoa. Horrez gain, aipatu "Ataria" sortze lana gaztelaniara itzuli du.
Argiak plazaraturiko Jakoba Errekondo Saltsamendiren "Etxeko landarea" aldiz, etxean ditugun loreak hobeto zaintzen ikasteko gida-liburua. "Zein landare aukeratu txoko bakoitzerako, gaixotasunei nola aurre egin, landare bakoitza nola ureztatu, ongarri naturalak nola egin, haziz doan ahala nola birlandatu... maite dugun landare hori nola ugaldu ere ikasiko dugu", egileak berak adierazi duenez.
Azken urteotan hutsik egin ez duen argitalpena; hau ere Errekondorena, Antton Olariagarekin batera ondutakoa; "2021. Ilargia eta landareak agenda”. Landareekin eginiko lanak jaso eta ikasteko aukera emango diguna, gure hitzorduak idaztearekin batera. Gainera “irakurri ahalko dugu ilargiaren arabera aste bakoitzean lurra nola landu”.
“Amona Tomaxa” eta Zumalakarregi
Amona Tomaxa abentura berriekin itzuli zaigu. Abendu hasierako NOAUA!rekin jaso zenuten Ixabel Agirresarobek eta Iñaki Martiarena “Mattinek” ondutako "Amona Tomaxaren abenturak" ipuin sortaren ale berri bat. Lehenago, udan Elkar argitaletxearekin beste ipuin bat ere plazaratu zuten bi egileok; “Amona Tomaxa eta gizandia”.
Iaztik datorren beste egitasmo bat; 2019ko azaroan Tomas Zumalakarregiren bizitzaz eta bizitzea egokitu zitzaion garaiaz jardunaldi eguna antolatu zuen Nafartarrak Taldeak Sutegin. Ekimen hartan hainbat adituk partekatutako edukia amaitzear dugun urte honetan plazaratu dute, jardunaldiei jarri zieten izenburu berarenpean; “Tomas Zumalakarregi eta bere garaia”.
Larratxeren lau argitalpen
Lan anitzetan aurkitzen ditugu bere marrazkiak. Bestelako hainbat kolaborazio lanen artean, Joseba Larratxe Berazadik lau argitalpen ilustratu ditu aurten. “Autodefentsa digitala” izenburua daraman Argiaren “Larrun” aldizkariko azala batetik. Asisko Urmenetarekin landutako eta Ikastolen Elkarteak argitaraturiko "Basolatik berri onik ez", XVII. mendeko Orbaitzetan giroturiko komiki fantastikoa bestalde.
Josu Ozaita antropologoak idatzitako "Gau beltza" liburua ere ilustratu du Larratxek. "Gaztetxoei zuzendutako liburu honetan, gure arbasoek zuten ohitura bihurri baten berri ematen da Anari eta bere lagunen ibileren bitartez”.
Pablo Barrioren “Hankazikin” laneko irudiak ere “Josevisky”renak dira.“Hankazikin hil egin da eta Herioarekin egin du topo. Arraioa, ez zen hori umearen asmoa! Zer egin? Maite dituenen memorian bizirik jarraitzeko, bere bizitzaren pasarte batzuk antzeztea proposatuko dio Herioak. Erronkari aurre egingo dio Hankazikinek, baita ausart aurre egin ere”.
Artze eta Torrealdairen omenez
2020. urte gogor honek hainbat sortzaileez agurtu beharra ekarri du. Apirilean Jose Luis Zumeta zendu zen, uztaila amaieran Joan Mari Torrealdai. Torrealdai omenduz, Jakinek zenbaki berezia argitaratu du asteotan; bere ekarpena aztertzen duen “Torrealdai: euskara herri” izeneko zenbaki monografikoa hain zuzen. Euskalgintza, liburugintzaren ikerketa soziologikoa, euskarazko hedabideak, zentsura, liburutegi nazionala, eremu guztiotan eginiko lan itzela eta bere bizi eta ibilbidea ahotan hartzen ditu. Horrez gain, bere obra osoa digitalizatu eta “Euskal pentsamendua” atalean sareratu du Jakin-ek; jakin.eus atarian.
2018ko urtarrilean zendu zen Joxan Artzek hasita bai baina halabeharrez amaitu gabe utzi zuen “Txalaparta. Tradizioaren abaroan” lana aurkeztu du asteotan Elkarrek. “Artzek utzi bezala argitaratu nahi izan dugu”. Amaitu gabeko lana baino amaierarik ez duena da argitaletxearen esanetan. “Irakurleak Artzerik poliedrikoena topatuko du bertan”.
Mihiseren estreinako lana
Usurbildarren uzta musikaz girotuko duen talde bakarra aurten; Kultur Biran entzuteko parada izan genuen Antton Aranburu Illarramendi (kitarra eta ahotsa), Beñat Urteaga Larrañaga (baxua eta ahotsa) eta Mikel Olasagasti Añorga (bateria) hirukotea edo Mihise taldea. Bere estreinako “Kronik@” lana aurkeztu ziguten. "Hotzikara taldeak joera aldaketa bat izan zuela baliatuz sortu da Mihise eta ia bost urtez landutako bidaia bat proposatu digute Kronik@ lan honetan”.
Amaitzeko, familia giroan plazaraturiko bi lan. "Among us; un cuento de terror espacial" eta "Programación para niñ@s. Aprende a programar fácilmente con Python". Biak, Pello Xabier Altadillenak. Lehenengoa, bizi dugun egoerari lotutako ipuina; nabe zahar batean konfinatuta bizi izan den pertsona talde baten istorioa. Dena ondobidean doa, pertsona ez den norbait nabera sartzen den arte. Bigarrena “Python” hizkuntza baliatuz programazioa ikasten hasteko gida moduko bat da.
Usurbildarren 2020ko uzta
-"Txalaparta. Tradizioaren abaroan", Joxan Artze (Elkar)
-"Txokolategia", Yolanda Arrieta Malaxetxebarria (Denonartean)
-"Amona Tomaxaren abenturak", Ixabel Agirresarobe / Iñaki Martiarena "Mattin" (NOAUA! K.E.)
-"Amona Tomaxa eta gizandia", Ixabel Agirresarobe / Iñaki Martiarena "Mattin" (Elkar).
-"Etxeko landareak", Jakoba Errekondo (Argia).
-"2021. Ilargia eta landareak", Jakoba Errekondo, Antton Olariaga (Argia)
-"Basolatik berri onik ez", Asisko /Joseba Larratxe (Ikastolen Elkartea)
-"Gau beltza", Joseba Larratxe/Josu Ozaita (Txalaparta)
-"Hankazikin", Joseba Larratxe/Pablo Barrio (Zubia)
-"Larrun" aldizkariko “autodefentsa digitala” azala (Argia)
-"Tomas Zumalakarregi eta bere garaia", Nafartarrak Kultur Taldea (Nabarralde).
-"Torrealdai euskara herri", Jakin.
-Mihise (Balio Dute).
-"Among us: un cuento de terror espacial" Pello eta Josu Altadill.
"Programación para niñ@s: aprender a programar fácilmente con Python" Pello Xabier Altadill Izura-June Altadill.