Tasio komikigilearen sortze lanak Sutegin ikusgai

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 16a, 10:21

"Tasioren Cuba" izenburupean, "Cuba información" egunkarirako eginiko sortze lanak dituzue ikusgai egunotan Sutegin, Tadamun elkargune internazionalistaren eskutik. 

Tadamun elkargune internazionalistaren bigarren erakusketa ikusgai egunotan Sutegin. "Emakumeak, elikadura-burujabetzaren protagonistak. Kubatarren eta euskaldunen bizipenak" erakusketaren ondotik, bigarrena orain egunotan; "Tasioren Cuba".

Bineta sorta
Tadamun Talde Internazionalistak, egun hauetarako bigarren proposamen bat luzatu du Sutegiko erakusketa-aretoan. Tasio umorista grafikoak “Cuba información” egunkarirako egin zituen binetak biltzen dituen erakusketa, hain zuzen ere, "Tasioren Cuba" izenpean.

Tasio komikigile ezaguna da Euskal Herrian, Gara egunkarirako urte luzeetan egin dituen binetengatik. Erretiroa hartu berri du artistak, baina urte luze hauetan egindako lanak oraindik ere bizirik daude. Gara egunkariaz gain, “Cuba Información” egunkarirako ere hainbat bineta egin zituen, eta horiek izango dira erakusgai Sutegin 26 xaflatan hilaren 20ra arte.