Olentzerori gutunak helarazteko postontziak gune anitzetan

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 17a, 09:49

Badator Olentzero, abenduaren 24an helduko da gure artera; aurten nola ez, covid19ak eragindako pandemia tarteko, prebentzio neurri berezien artean. Halere adi; gutunak idatzi nahi badizkiozue, hainbat postontzi kokatu dituzte herrian. 

Covid19ak eragindako pandemiak baldintzatuko du aurtengo Olentzeroren etorrera. Baina etorri, badator. Ohi bezala, abenduaren 24an helduko da Usurbila; ezingo gara beste urteetan  bezala berarengana hurbildu, ezingo zaio harrera jendetsurik egin. Aurten zuen etxe ataritik igaroko da. Auzo auzo, geldiunerik gabeko bira egingo du astebete barru. 

Prestatzen hasteko garaia da honenbestez. OIentzerori idatzi nahi badiozue adi; bere etorrera antolatzen dabiltzan herritarrek udalerri honetako hainbat txokoetan postontzi polit askoak egokitu dituzte, ondoko argazkikoa duzue horietako bat. Zuen eskarien gutuna idatzi, postontziotako batean sartu eta Euskal Herriko ikazkin ezagunenari helaraziko zaio abenduaren 24an.

Postontziak non jarri dituzten? Segidan duzue postontzi hauen kokaguneen zerrenda.

Olentzero, auzoz auzo
Eguna: 
abenduak 24, osteguna.
Ordua: 18:00-19:30.
Olentzero auzoz auzo norabide honetan: Aginaga, Txokoalde, Urdaiaga, Santuenea, Zubieta, Txikierdi, Troiatik gora Kalezar eta Kaxkoa (Munalurra, Atxegalde eta herri erdigunea).
Postontziak guneotan: Aginagako Arraten, Santueneko Gure Elkartean, Zubietako Alamandegin. Eta Kaxkoan: Artzabal, Laukote, Laurok, Txirrista, Liburutegia, Txiriboga, Kale Nagusiko Ogi Berri eta Aizpurua okindegiak, Txalaka eta Udarregi (azken honetan, hilaren 18tik aurrera).
Antolatzaileak: 
norbanako eta herritar eragile taldea.