Eragile anitz batu dira mobilizazio hauen bueltan; ELA, LAB, Steilas, ESK, Podemos Euskadi, Ezker Anitza IU, EH Bildu, Izquierda Unida Navarra (NEB), EH Bai, Gure Esku Dago, Emakumeon Mundu Martxa, Bilgune Feminista, Sare eta Etxerat.
"Demokrazia" aldarripean mobilizatzera deitu dute larunbat eguerdiko (abenduak 19) 12:00etan Euskal Herri osoan deitu dituzten elkarretaratzeetan. Usurbilgoa ordu berean, 12:00etan egingo da, Mikel Laboa plazan. "Alderdi politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek larunbat honetarako 12:00etan herri guztietan deitutako mobilizazioekin bat egiten dugu. Usurbilen, Mikel Laboa plazan izango da elkarretaratzea. Demokraziaren aurkako erasoen aurrean #bateraaurre" egiteko deia luzatu du Usurbilgo EHBilduk, sare sozialen bidez.
Espainiako Auzitegi Gorenak, bere garaian "Bateragune" izeneko auzian epaitu eta zigortutakoak berriz epaitzeko hartutako erabakiaren harira deitu dituzte protesta hitzorduok Euskal Herria osoan. Kezkaz begiratzen diote, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Rafa Diez berriz epaitzeko Espainiako auzitegiek hartutako erabakiari, "oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa dela ulertzen den heinean".
Erabaki horren larritasunak batu ditu eragile guztiok adierazpen honen eta larunbateko protesta deialdien bueltan:
Espainiako Auzitegi Gorenak "Bateragune auzia" delakoagatik zigortutakoak berriro epaitzeko hartutako erabakiak kezka handia eragin du, oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako erasoa dela ulertzen den heinean. Horren larritasunak hausnarketa bateratua eta kolektiboa eragin du EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen artean. Hori horrela izanik, behean sinatzen dugunok hartu dugun erabakiaren berri eman nahi dugu, erabaki judizial horri erantzun irmo eta zeharkakoa eman ahal izateko.Hori dela eta, herritarrei jakinarazten diegu elkarretaratzeak deituko ditugula larunbat honetarako, abenduaren 19rako, herri guztietan, eguerdiko 12:00etan, "Demokrazia" lelopean.
Era berean, dei egiten diegu herrialdeko herri, gizarte eta kultur eragile guztiei deialdi honekin bat egin dezaten eta, era berean, gonbidapen hau gizarte osoari zabal diezaioten.
Dei egiten dute: ELA- LAB- Steilas- ESK- Podemos Euskadi- Ezker Anitza IU- EH Bildu- Izquierda Unida Navarra (NEB)- EH Bai- Gure Esku Dago- Emakumeon Mundu Martxa- Bilgune Feminista- Sare- Etxerat.