Andatzan eginiko aurkikuntzak aurkeztu dituzte Sutegin

Erredakzioa 2020ko abenduaren 17a

Usurbilgo ondarea aztertzen lanean aritu dira zenbait herritar Udalarekin elkarlanean. Javi Castro ikerlariak Andatzan egindako lanari esker, munduan harrobi kopuru gehien duten bost udalerrien artean dago Usurbil: 24 harrobi eta 129 errotarri topatu ditu. Halaber, mugarri pribatuak zein publikoak daude Andatzan. Sutegin aurkeztu dituzte ikerketaren emaitzak.

Larunbatean aukera izango dute herritarrek altxor horiek gertutik ezagutzeko, txangoak antolatu baitituzte. Goizeko 9etatik 12ak bitarte txangoak egingo dituzte aurrez hitzordua hartuta. Sei kilometroko ibilaldiak izango dira. Izen ematea gaur amaituko da, baina aukera izango dute izen eman nahi dutenek egun osoan zehar usurbilkultura.eus atarian. Gehienez 54 lagunentzako lekua egongo da.