"Aioko" ikuskizuna gaur, “Mukwano Lagun” elkarteari eskainitako zikloa abiatzeko

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 18a, 08:00

Ugandako errealitatera hurbiltzeko aukera izango dugu asteotan, Hitz Aho Udarregi Ikastolako guraso elkarteak Sutegin antolaturiko zikloari esker. Hasteko, “Aioko” ikuskizuna programatu dute larunbatean, hilaren 19an. Eta abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra, Alaitz Aizpurua Labaka herritarrak Ugandan eginiko egonaldiari lotutako erakusketa bisitatu ahalko dugu.

Hementxe duzue "Mukwano-Lagun" Afrikako haurtzaroa zaintzeko irabazi asmorik gabeko elkarteari eskainitako zikloaren xehetasunak.

Abenduak 19, larunbata
17:00 
"Aioko" antzerki, txotxongilo eta itzalen ikuskizuna Sutegiko auditorioan. "Aniztasuna altxorra bada, gauzak modu desberdinean egiteak konponbideak ekartzen baditu, Aioko uharteko biztanleak ez dira konturatu. Desberdinak izateagatik baztertuak izan diren bi haur izango dira istorio honetako protagonistak eta haien bidez beren komunitateak dituen komunikazio eta zainketa arazoak, hondamendi naturalak, jeinuak, munstroak eta bidaia zoragarriak ezagutuko ditugu". Zurrunka Teatroren lana.
Sarrera: 5 eurotan aldez aurretik, Lizardin.

Abenduak 23, asteazkena
18:00 "Mukwano-lagun Bujagalin (Uganda) erakusketa Alaitz Aizpuruaren begietatik" ikusgai izango duzue abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra arte Sutegiko aretoan. Erakusketa aurkezteko hitzaldia antolatu dute abenduaren 23an.
Hizlaria: Sabin Gabilondo elkarteko sortzaile eta lehendakaria.
Zehaztasunak: "Mukwano-Lagun Afrikako haurtzaroa zaintzeko irabazi asmorik gabeko elkartea da. 2006. urtean Sabin Gabilondo, Jinja Bujagali-ra (Uganda) piraguan ibiltzera joan eta bertako beharrak ikusita hasi zen lanean. Osasun arloan lehenik, dentista moduan gehienbat, gehien behar duten haurrei oinarrizko beharrak betetzen lagunduz (koltxoia, manta, moskitera). Urte gutxitan argi ikusi zuen haurren eskolaratzea izan behar zuela lehentasunetako batek. Honela poliki poliki, elkartea sortzen eta forma hartzen joan zen gaur egun ditugun Nursery eta Primary eskolak, Secundary eta goi mailako eskoletarako bekak eta Osasun zaintzako saila osatuaz besteak beste. Hau guztia, Jinjako Nevada Ugandako elkartearen eskutik burutzen du Mukwano-Lagun elkarteak.

Antolatzailea: Hitz-Aho Udarregi Ikastolako guraso elkartea.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.