Asteotako "Andatzako altxorrak: errotarri, mugarri eta aztarna arkeologikoak" jardunaldiak borobiltzeko, Sutegiko solasaldietan hizpide izan diren altxorrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da adituen eskutik. Larunbat honetan (abenduak 19) izango da, Usurbilgo Udalak 9:00-12:00 artean antolatu dituen txangoetan.
Egungo osasun krisialdira egokitutako hitzorduak izango dira: gehienez seiko taldeetan abiatuko dira irteerak ordu tarte horretan, hogei minuturo Igartzazabal baserri paretik. Sei kilometroko ibilaldiak izango dira. Irteera hauetarako izena abenduaren 17a baino lehen eman beharko da usurbilkultura.eus atarian. Gehienez 54 lagunentzako lekua egongo da. "Udalak adieraziko die izena emandakoei zein ordu-tarte dagokien", ohartarazi dute antolatzaileek.
Txostena
Jardunaldion estreinako hitzordua azaroaren 19an egin zuten Sutegin. Andatzan azken urteotan egindako lanen errepasoa egin zuten Aranzadi zientzia elkarteko kide Izaro Quevedo eta Manu Zeberio arkeologoek, "Andatza: errotarriak, mugarriak eta aztarna arkeologikoak" saioaren baitan. Aurkitutako zenbait pieza ere erakutsi zituzten.
Txangostako megalitoari eta Irigaingo aztarnategiari buruz Aranzadik landutako txostena argitaratu du asteotan Usurbilgo Udalak. Hemen duzue esteka: "Txangostako megalitoa eta Irigaingo aztarnategia"