Indarkeria matxista eta pandemia nola uztartzen diren hizpide izan dute Sutegin

Erredakzioa 2020ko abe. 18a, 09:22

Indarkeria matxista eta pandemia nola uztartzen diren aztertu dute Sutegin. Etxealdia ez da inorentzat garai ona izan, ez behintzat emakumeentzat, eta are gutxiago etxean jazarpena eta indarkeria pairatzen dituzten emakumeentzat. Egoera horiei aurre nola egin daitekeen aztertu dute Sutegira hurbildutako hainbat emakumek. Horretarako, Norma Vazquez García eta Sheila Melcon Lopez adituak izan dira hitzaldia gidatzen.

Erabateko konfinamendua ezarri zutenean, martxoaren erdialdean, ekonomia eta lan mundua jarri zituzten zentroan, baina erabat ahaztu ziren indarkeria sufritzen duten emakumeez. Dekretu berezi bat jarri zuten geroago, emakume horiek laguntza eskatzera edo tratamenduak jarraitzera joan zitezen. Tantaka emakumeen aurkako indarkeriaren gaia lantzen hasi badira ere, oraindik lan asko dago egiteke. Jada 9 hilabete pasatu dira Covid-19a gizartearen erdigune bilakatu denetik, eta psikologoek laugarren aldi bat badatorrela ziurtatzen dute: pandemiak alderdi emozional eta psikologikoan izango duen eragina, hain zuzen ere. 

Emakumeen aurkako indarkeria eta feminismoaren gaiak berriz ere indarra hartu beharra dauka borrokan atzera pausoak edo erlaxaldiak izango ez badira. Inoiz baino garrantzitsuagoa da tresna berriak emakumeen eskura jartzeko eta borrokari aire berria emateko. Indarberrituta borrokan jarraitzeko garaia da.