Euskal presoen etxeratzea eskatzeko ezohiko hitzorduak asteotan

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 19a, 12:19

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak hitzordu bana deitu du abenduaren 24 eta 31rako; Sarek aldiz aurten Bilbon egin ordez herrietan egingo den manifestazioa urtarrilaren 9rako.

Covid19-aren eraginez, gainerako herri dinamiken antzera egokitu bai baina ez dituzte etengo, euskal presoen eta haien senideen eskubideen alde urte garai honetan antolatu izan diren ekimenak. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak “Olentzeroren mezua” plazaratzeko eta “2021ean ASKE! OPA” ekitaldia antolatu ditu abenduaren 24an eta 31n hurrenez hurren. Usurbilgo Sarek aldiz, manifestazioa herrian bertan, urtarrilaren 9an. Eta ez urte luzez egin den moduan Bilbon.

Koronabirusak eragindako pandemiagatik hain zuzen, Euskal Herri mailako Sarek bertan behera utzi du urte hasieran Bizkaiko hiriburuan deitu eta milaka lagun bildu izan dituen mobilizazio jendetsua. Horren ordez, “herriz herri eta auzoz auzo mobilizatzeko” deia egin du, udaz geroztik abian duen “Izan Bidea” dinamikaren baitan, “bidea gara” aldarripean, “euskal presoen eta erbesteratuak etxeratzeko bidea. Bizikidetzarako eta bakerako bidea” jorratzeko.

Egun eta ordu berean izango dira mobilizazio guztiak; urtarrilaren 9an arratsaldeko 17:30etan eta “osasun-segurtasunerako neurri guztiak errespetatuta. Leku zabaletan, non guztiok izango dugun aukera bakea, konponbidea eta bizikidetza aldarrikatzeko”.

Lehenago, asteotarako martxak deitu ditu Sarek Hego Euskal Herrian. Gipuzkoakoa, abenduaren 26an 11:00etan Martuteneko espetxetik Loiolara. Informazio gehiagorako: sare.eus

Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak
Abenduak 24, osteguna
19:30 
Olentzeroren mezua Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Abenduak 31, osteguna
19:30 
“2021ean ASKE! OPA” Dema plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Urtarrilak 9, larunbata
17:30 
“Bidea gara”, Sareren manifestazioa Usurbilen.
Deitzailea: Sare.