Neguko Txokoak abian

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 21a, 09:23

Neguko Txokoak abian gaurtik, oporretan murgildu berri diren gaztetxoentzat. Bizi dugun osasun krisialdira egokitutako aisialdi eskaintza asteotarako Usurbilen. 

Neguko opor giroan murgiltzen hasiak dira gaztetxoak; Udarregi Ikastolak ostiralean izan zuen azkeneko klase eguna, aste hasiera honetan Zubietako Eskolakoek ere jai egunei ekingo diete eta asteartean Aginagako Eskolakoen txanda izango da. Guztiek urte garai honi begira, kantu giroan agurtuko dute zeharo ezohikoa izaten ari den 2020-21 ikasturteko lehen hiruhilekoa.

Ezohikoa ikastetxeetan, ikasgeletan, baita handik kanpoko bizimoduan ere, eskolaz kanpoko jarduerei dagokienean behintzat bai. Dakizuenez, prebentzio neurri zorrotzetara egokitu zuten Eskola Kirola abiarazi zuten urrian; baina astebete soilik eutsi ahal izan zioten martxan.

Covid19-aren hedapena handitzen zihoala ikusita, eremu gorrian sartu eta eskaintza hau bertan behera uztea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak duela ia bi hilabete. Ordutik, ez da berreskuratu, gaztetxoen aisialdi tarteko kirol eskaintza hezitzailea. Urtarrilaren 11n berrikustekoa da Eusko Jaurlaritza, une horretako egoera epidemiologikoaren arabera, berriz martxan jarri edo ez jartzeko erabakia.

Gaztetxoentzat funtsezkoa den eskaintza honen etenaldi luze hori "leuntze" aldera, Neguko Txokoak antolatu ditugu Usurbilen. Astelehen honetan abiarazi dituzte; "2020. urtea berezia izaten ari dela ezin ukatu eta gure haur eta gaztetxoei ere modu berezian tokatzen ari zaie egoera hau. Azaroaren 6tik Eskola Kirola eta orokorrean talde kirola ere ezin izan dute egin. Egoera honen aurrean, Udalarekin elkarlanean, Neguko Txokoak antolatzea posible egin dugu. Txokoetan, aisialdia eta gorputz hezkuntza izango ditugu begibistan eta batez ere, segurtasun neurriak zainduaz, elkar zaintza sustatuko dugu". 

Eta horretan ari dira gaurtik Usurbilen; Aginagan etzi ekingo diete Neguko Txokoei. Zubietan ez da talderik osatu. Guztira 83 gaztetxok izena emana dute eskaintza honetan.

NEGUKO TXOKOAK
Ordutegia: 10:00-12:30.
Noiz eta non:

-Kaxkoan: abenduak 21, 22, 23, 28, 29 eta 30.
-Aginagan: abenduak 23, 28, 29, 30 eta urtarrilak 4, 5.

Antolatzaileak: NOAUA! K.E. eta Usurbilgo Udala.