Abenduaren 24, 31 eta urtarrilaren 9a, mobilizazio egunak Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 22a, 11:06

Jada usurbildarrik ez baina oraindik orain espetxeetan diren 218 euskal presoak "etxean eta bizirik" nahi dituztela aldarrikatzeko mobilizazioak deitu ditu Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak abenduaren 24an eta 31n. Sarek manifestazioa urtarrilaren 9an.

Historikotzat jo du Etxerat-ek urte amaiera hau. 47 urteetan lehen aldiz "Usurbilek jada ez du arrazoi politikoengatik kartzelan edota erbestean dagoen herritarrik". Azkenak, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga baldintzapean aske utzi zituzten azaroa hasieran. "Etxean dira... ez denak ordea" ohartarazi du Etxerat-ek. Horregatik, oraindik orain espetxeetan segitzen duten 218 euskal preso politikoak "etxean eta bizirik" nahi dituztela aldarrikatzen segiko dute asteotan ere.

Mobilizazio bana deitu du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak abenduaren 24an eta 31n; ostegunean, Olentzeroren mezua plazaratzeko hitzordua 19:30etan Mikel Laboa plazan. Ordu berean, baina Dema plazan eta hilaren 31n, “2021ean ASKE! OPA” ekimena iragarri dute. 

Sarek bestalde bertan behera utzi du, pandemiarik ezean, urtarrilaren 9an Bilbon antolatuko zuen urteroko manifestazio jendetsua. Horren ordez, herriz herri mobilizatzeko deia egin du larunbat horretan, 17:30etan. Usurbilen Sarek manifestazioa deitu du, “osasun-segurtasunerako neurri guztiak errespetatuta. Leku zabaletan, non guztiok izango dugun aukera bakea, konponbidea eta bizikidetza aldarrikatzeko”.

Lehenago, asteotarako martxak deitu ditu Sarek Hego Euskal Herrian. Gipuzkoakoa, abenduaren 26an 11:00etan Martuteneko espetxetik Loiolara. Informazio gehiagorako: sare.eus

Segidan datozen mobilizazioen egutegia eta hitzorduon harira, Etxerat-ek kaleratu duen adierazpena:

Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak
Abenduak 24, osteguna
19:30 
Olentzeroren mezua Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Abenduak 31, osteguna
19:30 
“2021ean ASKE! OPA” Dema plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Urtarrilak 9, larunbata
17:30 
“Bidea gara”, Sareren manifestazioa Usurbilen.
Deitzailea: Sare.


Etxean dira... ez denak ordea
Aurtengo Gabonak usurbildarrentzat historikoak dira. Atrebentziarekin diogu hori, gainera. Izan ere, joan den 47 urteotan etenik izan ez duen egoera gogor bat hutsaldu da: Usurbilek jada ez du arrazoi politikoengatik kartzelan edota erbestean dagoen herritarrik.

Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrian ditugu joan den azaroaren 6tik. Ez erabat aske oraindik, egia da. Baina ezarri dizkieten baldintzak (2018tik aplikatu ahal zirenak), eramangarriak dira bizimodu normal batekin. 

Ez da urte erraza izan haientzat eta beren senideentzat. Lehenik, urtarrilaren 19an hiru urte bete zituenean, Xuak espetxea utzi behar izan zuen. Banaketa zinez gogorra izan zen. Gutxira, bere gurasoak kartzelaz aldatu zituzten Picassentetik Aranjuezera. 80 kilometro gutxiagoko "hurbilketa". Bisita bakarra egin ahal izan zuen familiak -otsailean- ze covid19aren pandemia lehertu zenean, akabo bisitak. Uztailera arte, Maddi txikia jaio zen arte, alegia, ez zuten elkar ikusteko aukerarik izan. 

Eta geroztik ere ez. Hamar hilabete luzeetan gutun edo telefono bidez komunikatu dira. Orain gauzak asko aldatu dira haientzat, baina 218 preso politikoentzat eta beren familientzat oro har, berean darraite.

Azken asteotan hurbilagoko espetxeetara -eta kasu batzuetan Euskal Herrikoetara ere- lekualdatu dituzten zenbait euskal preso. Hortaz, egoera zertxobait leundu zaie haien familiei. Baina oraindik gehienak urrun eta, pandemia tarteko, baldintza gogorragoetan segitzen dute. Horregatik diogu herri-presioa mantentzea eta areagotzea ezinbestekoa dela. Lehenik eta behin, euskal preso guztiak beren etxeetatik ahalik eta gertuen ekar ditzaten; gaixo daudenak, adinean aurrera doazenak eta baldintzapean aske beharko luketenak etxeratuak izan daitezen.

Urrats horiek urratuko dute behingoz guztiak libre izateko bidea eta, Usurbil bezala, Euskal Herriko herri guztiak preso, erbesteratu eta deportaturik gabeko herriak bihurtzea.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!

Etxerat