NOAUA! Nolatan bururatu zitzaizun Ugandara joatea Mukwano-Lagun elkartearekin?
Alaitz Aizpurua: Betidanik izan dut Afrikarekiko har berezi hori. Afrika oso gustuko dut eta hango bizipen berezi baten bila nenbilen oporralditik haratago. Sei hilabeteko tartea hartu nuen Ugandara joateko. Gisa horretako bizipen batez aprobetxatu ahal izateko hemengo elkarteak bilatzen hasi nintzen, gertutasun eta konfiantza baten bila. Modu horretara ezagutu nuen Mukwano-Lagun elkartea, eta aukera eman zidaten nire desioa betetzeko. 2019ko uztailean joan eta gabonetan itzuli nintzen.
Argazki asko egin zenituen sei hilabete horietan. Asmo jakinen batekin egin zenituen?
Argazkiak ez nituen helburu konkretu batekin egin. Argazkiak asko gustatzen zaizkit, eta hango egunerokotasuna jasotzeko asmoarekin atera nituen argazkiak. Niretzat ateratzen nituen, ez beste inorentzat. Orain, urtebete geroago, Hitz- Aho guraso elkarteak zerbait antolatu nahi zuen Mukwano-Lagun elkartearekin eta ideia definitzen hasi ginenean solasaldiaren ideia eta argazki-erakusketarena otu zitzaizkigun. Solasaldiaren bidez elkartearen nondik-norakoak azalduko ditugu Sabin Gabilondo lehendakariarekin batera, baina horretaz gain, argazkiak jartzeak denbora gehiagoan gaian sakontzeko aukera ematen zuela iruditzen zitzaigun, eta zerbait abstraktua baino, errealago egiten zuela esperientzia.
Zure lehen argazki-erakusketa da?
Bai eta gainera aitortu behar dut ez naizela erosoegi sentitzen. Ni ez naiz argazkilaria, eta argazkilaritza ez da nire mundua. Nire hobby bat da eta oso modu intimoan atera ohi ditut argazkiak. Errespetua ematen dit nolabait.
Hitzaldian ere parte hartuko duzu?
Bai, solasaldiaren gidaria Sabin Gabilondo izango da. Urte askotan aritu da proiektuan lanean eta berak sortu zuen elkartea. Beste ikuspuntu bat eskaintzen du bere esperientziak. Nik ere gaur egun kolaboratzen jarraitzen dut elkartearekin eta nire eguneroko bizitzaren parte da. Hitzaldia baino gehiago solasaldi modura planteatu dugu ekitaldia, entzuleen galderetatik sortuko da neurri handi batean. Guk ere gauzak kontatuko ditugu, baina solasaldi bat izango da batik bat.
Zer-nolako harrera espero duzue?
Ni ez naiz oso objetiboa, beste begi batzuekin begiratzen dut gaia, baina nik uste erakargarria badela. Egin ditugun gauza txiki horietan erantzuna jaso dugu eta nik uste denok garela solidario bakoitza bere neurrian eta bere modura. Salmentan ere jarriko ditugu han egindako lan batzuk, jendeak laguntza txiki bat eman dezan. Bolondres modura hara joateko aukera ere eskaintzen dute, eta nik horretarako aukera edo gogoa duten guztiak animatu nahi nituzke horretara: bi asterako joateko aukera dago, hilabete, urte erdi, urte eta erdi... Bakoitzak nahi duena. Izugarrizko esperientzia da eta pertsona gisa ere asko ematen duen zerbait da.