Koronabirusa

Neurri murriztaile berriak, urte amaierarako bereziki

Neurri murriztaile berriak onartu berri ditu LABI-k urte amaiera honetarako, abenduaren 10etik indarrean den Eusko Jaurlaritzaren dekretu berrikoak zorroztera datozenak. Ostegunean, abenduaren 24ean jarriko dituzte indarrean. Bereziki urte amaierako mugikortasuna eta bilkurak saihestea dute helburu nagusi, prebentzio neurriak zorrotzago betetzea sustatzearekin batera.

Bereziki abenduaren 31 eta urtarrilaren 1ari begira adostu ditu Eusko Jaurlaritzaren aholku batzorde teknikoa den LABI-k asteazken arratsalde honetan egindako bileran, covid19aren hedapenari aurre egiteko onartu dituen neurri murriztaile berriak. Egun indarrean den abenduaren 10eko dekretukoak doitu edo neurri batean murriztu egingo dituztela esan liteke. "Ondo goaz baina ez gaude ondo", gogorarazi du bilera honen amaieran egin duen agerraldian, Eusko Jaurlaritzaren osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Azaroan 100.000 biztanleko 14 eguneko 850eko intzidentziatik 280ko intzidentzia izatera heldu da EAE bere esanetan.

Halere, gogorarazi duenez, "aurtengo gabonak bereziak dira eta modu desberdinean ospatu behar ditugu".Orain arte eboluzio epidemiologikoa positiboa den arren, kontu handiz ibili beharreko egun eta asteak datozkigula nabarmendu du; batetik ospakizun egunetako ohiturak, mugikortasun handiagoa, Erresuma Batuan agertu den andui berria... "Etxerako lan" bat ere ezarri digu:  "gabonetan gehien maite duguna zaindu behar dugu",

Egun eta aste hauei begira neurri murriztaile berriok iragarri ditu:


Neurriak
1-Etxeratze-agindua 00:30etara aurreratu dute abenduaren 24tik 25erako eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gauean, pertsonen bilkurak eta mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko.
2-EAEko konfinamendu perimetrala abenduaren 23tik 26ra mantenduko da, baina abenduaren 31tik urtarrilaren 1era murriztuko da.
3-Abenduaren 31ko ospakizunetarako bilkurak 6 lagunetara murriztea, "arrisku handiagoko interakzio sozial eta familiarrak saihesteko".
4-Abenduaren 24, 25, 30 eta urtarrilaren 1, 5 eta 6an, merkataritza eta ostalaritza establezimenduen itxiera ordua 18:00etara aurreratzea, egun horretako azken orduetako "jende pilaketa tradizionalak" saihesteko. Ohiko ordutegian zabalduko dira egunotan, farmaziak, gasolindegiak edota zerbitzu guneak.
5-Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an, merkataritza eta ostalaritza guneak 9:00ak baino lehen irekitzeko debekua, aurreko orduetako ospakizunek goizeko 6:00etako etxeratze aginduaren amaierarekin ez egokitzeko.
6-Abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra debekatua egongo da kanpingetan ostatuetan erreserbaren bat egin duten bezeroak hartzea. Antza, urte amaierako jaiak antolatzeko saiakerak antzeman ditu Jaurlaritzak eta horiek saihestu nahi ditu. 
7-Debekatuak "kotilioiak" egitea ostatu, hotel, kanping eta abarretan, guneotako gune komunetan edota geletan, " abenduaren 31n, urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an. Egunotan 20:00-23:30 artean zerbitzatu ahalko dira afariak ostalaritza guneetan, aurrez erreserba egina dutenei. Mahaietan gehienez 6 pertsonako taldeak.

Neurriokin batera osasun sailburuak lehendik ere indarrean ziren besteok ere gogorarazi ditu, azken aldian "erlaxatzea" eman dela argudiatuta:
1-Musukoak jan eta edateko unean baino ezin dira kendu ostalaritza guneetan. Tabakoaren keak birusaren transmisioa hedatzen duela gogorarazi du.
2-Ezin da zutik jan edo edan, ez ostalaritza guneen barrualdean ezta terrazetan, ezta guneon inguruetan ere.
3-Agintari, erakunde, eragile eta herritarrei prebentzio neurriak zorrotz betearazteko deia, Olentzero nahiz errege kabalgatetan, nahiz antzeko edota bestelako ekintzetan.