Mukwano-Lagun Bujalin erakusketa jarri dute jada Sutegiko erakusketa aretoan

Erredakzioa 2020ko abe. 24a, 09:45

Ireki dute jada "Mukwano-Lagun Bujalin"  argazki erakusketa. Alaitz Aizpurua herritarrak Ugandan eginiko argazkiak jarri ditu erakusgai Mukwano-Lagun elkartearekin egindako bidaian. Erakusketa jarri bezain pronto, hitzaldi txiki bat eskaini zuen Sabin Gabilondok, elkarteko lehendakariak, elkartearen nondik norakoak azaltzeko.

Mukwano-Lagun Afrikako haurtzaroa zaintzeko irabazi asmorik gabeko elkartea da. 2006. urtean Sabin Gabilondo, Jinja Bujagali-ra (Uganda) piraguan ibiltzera joan eta bertako beharrak ikusita hasi zen lanean. Osasun arloan lehenik, dentista moduan gehienbat, gehien behar duten haurrei oinarrizko beharrak betetzen lagunduz (koltxoia, manta, moskitera). Urte gutxitan argi ikusi zuen haurren eskolaratzea izan behar zuela lehentasunetako batek. Honela poliki poliki, elkartea sortzen eta forma hartzen joan zen gaur egun ditugun Nursery eta Primary eskolak, Secundary eta goi mailako eskoletarako bekak eta Osasun zaintzako saila osatuaz besteak beste. Hau guztia, Jinjako Nevada Ugandako elkartearen eskutik burutzen du Mukwano-Lagun elkarteak.