Urte garai honetako ohiko hainbat hitzordu bertan behera

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 24a, 08:47

Kantu saioak, gabonetako parkeak, kirol eremuko txapelketa bereziak, urtezaharreko lasterketa... Garai honetan Usurbilen hain errotuak genituen hainbat ekitaldi ospatu ezinik izango gara aurtengoan, covid19-ak eragindako pandemiagatik. Bestelako hainbat ekimen bai ordea, prebentzio neurri zorrotzetara egokituak, herri eragile anitzek eginiko ahaleginari esker.

Kantu saioen ordez, Olentzeroren bira 
Beste urteetan, ordu honetarako kantu giroa nagusitzen ariko zen herri osoan. 2019ra arte kantu-jira anitz antolatzen zituzten beste hainbeste herri eragileek. Aginagan parrokiakoak goizean goiz irteten ziren etxez etxe, urtean zehar gutxitan elkar ikusteko aukera duten herritarrak agurtu eta haiei abestera. Zubietan ere beste hainbeste egiten zuten. Santuenean auzo elkartearen eskutik, Olentzero kalejiran ateratzen zuten. Kaxkoan, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak antolatuta euskal presoen eskubideen aldeko kantu-jira ospatzen zuten. Parrokiak iaz ez baina duela urte gutxira arte ere bere bira propioa egiten zuen, amaiera bateratua gero frontoian, aipatu bi eragileon jirek. Hurbilagok duela bi urtetik, zenbait eragilerekin elkarlanean Olentzerori ongi etorri jendetsua egiten zioten. 

Aurten ez da halakorik izango; baina Olentzero gure artera heltzekoa da gaur. Eguraldiak eragozten ez badu behintzat, bira egingo du 18:00etan Aginagan hasita. Txokoalde, Urdaiaga, Santuenea, Zubieta, Txikierdi, Kalezar eta Kaxkoa zeharkatuko ditu. 

Erregeak ere antzeko egoeran aurkituko dira; gutunak biltzeko frontoiko ekitaldirik ez da ospatuko urtarrilaren 5ean goizez, eta egun bereko arratsaldeko kabalgata etxetik ikusi beharko da. Geldiunerik gabeko bira osatuko dute Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek herrian barrena.

Kirol taldeen topaketak eta Hurbilago San Silbestre lasterketa
Urte zaila bizitzen ari dira baita herriko kirol taldeak; covid19aren hedapena murrizteko neurriek bete-betean baldintzatu dute besteak beste, Usurbil F.T.-ren eta Usurbil K.E.-ren jarduna. Bi eragileok beste urteetan topaketak antolatu izan dituzte urte amaiera honetan: Usurbil F.T.-k Gabonetako Futbol Txapelketa hainbat herrietako gaztetxo futbolari taldeekin. Usurbil K.E.-k Mirotzen omeneko infantilen arteko eskubaloi txapelketa. Aurten hitzorduok ez dira ospatuko. 

Ezta Hurbilago Elkarteak, urtea herri merkataritzaren eta ostalaritzaren alde lasterka eginez agurtzeko antolatu izan duen lasterketa ere. Urte berriari ere ezingo diogu Dj baten erritmoan ongi etorria eman. Etxeratze agindua ezarri dute 00:30etan, tabernak gainera arratsaldeko 18:00etan ixteko agindua eman dute.

Gabonetako parkerik ez 
Haur eta gaztetxoentzako aisialdi ekintzei dagokienean, eskaintza zabala izan ohi da aurreko urteetan. Usurbilgo Udalak urte luzez Gabonetako Parkea egokitu izan du Oiardo Kiroldegian. Hurbilago Elkarteak azken urteotan ere jolas parke erraldoia antolatu izan du herri erdiguneko txoko ezberdinetan. Aurtengoan ez da halakorik izango.

Gaztelekuak eutsi dio eskaintzari, baina prebentzio neurri zorrotzetara egokituta; Donostiako Txuri Urdinera egin izan dituen txangoak aurten bikoiztu egin behar izan dituzte, kide gutxiagoko taldeetan joan ahal izateko.