Olentzero biran gaur auzoz auzo

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 24a, 07:27

Koronabirusak Olentzerori harrera jendetsua egitea eragotziko digu aurten, baina bere etorrera ez du oztopatuko. Adi; auzoz auzo ibiliko da ostegun honetan, abenduaren 24an Olentzero, udalerrian barrena. Zuen etxe ataritik igaroko da. Lekua hartzen hasi beraz, leiho eta balkoietan. Eta adi, bira amaieran 20:00etan Olentzeroren mezua Youtubeko NOAUA! TB kanalean ikusi eta entzuteko aukera izango da.

Covid19 garaiotan ere ez du hutsik egingo; Euskal Herriko ikazkinik ezagunena gure artean bisitan izango dugu ostegun honetan. Egia da, koronabirusak derrigortuta bete behar ditugun prebentzio neurriek oraingoan berarengana gerturatzea eragotziko dute.

Halere, bistan denez aurreko urteetan bezala ez, baina ostegunean, abenduaren 24an ere aurrez aurre ikusteko aukera izango da. Pandemian egonik, ez da kalejira jendetsurik ospatuko, ez zaio duela urtebete bezala Dema plazan harrera egingo. Oraingoan harrera zuek, zuetako bakoitzak egin ahalko diozue etxetik mugitu ere egin gabe. Lekua egokitzen hasi zuen bizilekuko leiho eta balkoietan; hilaren 24an, Olentzero zuen etxe ataritik igaroko da!

Geldiunerik gabeko bira
Egoki irakurri duzue bai. Olentzero auzoz auzo ibiliko da aurten, usurbildar norbanako eta eragile talde baten laguntzaz. Kamioi ibiltari batean egoki eserita jarriko dute eta berak agurtuko zaituzte. Ekimen ibiltaria izango da, “ez da geldiunerik izango”, hitzordu berezi honen sustatzaile nagusi Asier Otegik NOAUA!ri adierazi dionez.

Hilaren 24an arratsaldeko 18:00etan Aginagan abiatu eta gutxi gorabehera pare bat ordu beranduago amaituko da Kaxkoan edo Kaleberrin. Bidean, auzo guztiak zeharkatuko ditu. Olentzerok egingo duen ibilbidearen noranzkoa finkatua dago, baita gune bakoitzetik ze orduren bueltan igaroko den. Halere “gerta daiteke auzo batetik besterako bidean pixka bat berandutzea”. Adi, ibilbide amaieran Olentzeroren mezua ikusi eta entzuteko aukera izango da, Youtubeko NOAUA! TB kanalean.

Ibilbidearen noranzkoak eta ekimenak berak konfinamendu betean ginela, etxean ia bi hilabete atera ezinik zeramatzaten haurrak omendu eta erakutsi zuten jarrera eredugarria txalotzeko apirila amaieran ospatu zen Umeen Eguna ekarriko digu gogora. Etxetik atera ezin zen une zail haietan gertatu bezala, datorren ostegunean ere “ilusioa umeengana hurbiltzea” da helburua. Ekimen honek Olentzeroren bizimodua hobeto ezagutzeko aukera emango du gainera; “bere etxea zein den ikusiko da”.

Egiteko moduak egokituta
Modu honetan, batetik bizi dugun osasun krisialdiko prebentzio neurriak bete nahi dira, baina neurriok beteta, haurrak Olentzeroren bisita izatea ahalbidetuko dute. “Aurten entzuten nuen Olentzerorik ez zela izango eta esaten nien ez zegoela zertan halakorik gertatu beharrik. Olentzero gure artean izan genezakeela, beste formatu batean, baina pentsatu beharra zegoela zer eta nola egin”.

Usurbilen hainbat herritar eta eragileek pandemia hilabeteotan erakutsi dute, prebentzio neurriak zorrozki beteta, egiteko moduak egokituta, badela alternatibarik… baita Olentzerorentzat ere. Asierrek abiarazi zituen prestaketa lanetara batu dira Udala eta hainbat eragile (Hurbilago, Orbeldi, hainbat norbanako…). “Pena zen, aurreko urteetako kalejiretako materiala izan, beharrezko osagaiak izan eta ezer ez egitea. Helburua ez zen ekimen berri bat antolatzea, lehendik egiten zen horri forma berri bat nola eman asmatzea baizik”, Otegik NOAUA!ri azaldu dionez. Ekimena “herriko talde hainbati asko gustatu zaie. Lagundu eta parte hartzeko erabateko prestutasuna izan dute”.

Gutun bilketa
Olentzeroren bisitarako prestatzen hasteko modua izango da egunotan. Asierrek eta bere lagunek ondutako postontzi bereziak egokitu dituzte. “Koadrilakoek lagundu didate. Gune babestuetan jarri ditugu”. Olentzerorentzako gutunak idatzi eta postontziotan utzi ahalko dira. Zein da asmoa? Euskal Herriko ikazkin ezagunenak auzoz auzoko bira egingo duen egun horretan, biltzen joango dira postontziotako gutunak.

Olentzero, auzoz auzo
Eguna: 
abenduak 24, osteguna.
Ordua: 18:00-19:30.
Olentzero auzoz auzo norabide honetan: Aginaga, Txokoalde, Urdaiaga, Santuenea, Zubieta, Txikierdi, Troiatik gora Kalezar eta Kaxkoa (Munalurra, Atxegalde eta herri erdigunea).
Gutunentzako postontziak: Aginagako Arraten, Santueneko Gure Elkartean, Zubietako Alamandegin. Eta Kaxkoan: Artzabal, Laukote, Laurok, Txirrista, Liburutegia, Txiriboga, Kale Nagusiko Ogi Berri eta Aizpurua okindegiak, Txalaka eta Udarregi (azken honetan, hilaren 18tik aurrera).
Antolatzaileak: 
norbanako eta herritar eragile taldea.