Koronabirusa

Martxoaz geroztik 4 hildako eta 231 kutsatze eragin ditu covid19ak, Osasun Sailaren arabera

Martxotik abenduaren 20ra arte 4 hildako eta 231 kutsatze eragin ditu covid19ak Usurbilen. Hala dio, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak astero moduan, azken orduotan kaleratu duen "asteko buletin epidemiologikoak". 

Jai egunok tarteko ostegun honetan ez ditu kaleratu astelehenetik ostiralera egunero egin ohi duen moduan, covid19ari lotutako udalerrietako datu epidemiologikoak. Azken orduotan ordea, azken hilabeteotan bezala, "asteko buletin epidemiologikoa" plazaratu du Osasun Sailak. 

Txosten honen arabera, abenduaren 20ra arte udalerri honek dituen 6.318 biztanleetatik 4 hildako eta 231 kutsatze eragin ditu covid19ak Usurbilen. Kopuruok aintzakotzat hartuta, udalerri honetako hilkortasun-tasa 1,7koa dela ohartarazten du Osasun Sailak. EAE mailako gainerako udalerrietako datuekin alderatuta, kopuru baxuenetarikoa du Usurbilek. Esaterako, Samaniegok (13,6), edota Loiuk (11,7) dute tasa altuena. 

Horrekin batera, 100.000 biztanleko intzidentzia metatua martxotik abenduaren 20ra, 3.656,2koa dela zehaztu du Osasun Sailak. Udalerri gutxi dira 3.000tik beherako tasa dutenak. Tasa altuena aldiz, Errezilek (10.350,3), Ikaztegietak (9.881,4) edota Samaniegok (9.243,7) dute.

1.155 kasu Usurbil-Lasarte zonaldean
Usurbilek eta Lasarte-Oriak osatzen duten osasun eremuari lotutako zifretara jotzen badugu, zonalde honetako 26.512 biztanleetatik 18 hildako eta 1.155 covid19 kasu antzeman ditu Osasun Sailak abenduaren 20ra arte. Usurbilgoaren pareko hilkortasun-tasa du zonaldeak; 1,6koa. EAE mailako osasun eremuen artean tasa baxuenetarikoa du; altuena, 6 punturen bueltakoa, Abetxukon (6,3) edota Balmasedan (6) dute.

Martxotik abenduaren 20ra arte izan den 100.000 biztanleko 14 eguneko 4.356,5eko intzidentzia metatua du zonaldeak. EAEko ia zonalde guztiek 4.000tik gorako intzidentzia dute. Intzidentzia altuena, Arrasatek (8.285,2) edota Eibarrek (8.009,8).

Buruntzaldean
Eskualde mailan, Usurbilek du intzidentzia baxuena egunerokoan, baita hilabeteotan pilatutako datuak kontuan hartzen baditugu:
-Andoain: 14.945 biztanle, 664 positibo, 11 hildako, 1,7ko hilkortasun-tasa. 100.000 biztanleko 4443,0ko intzidentzia.
-Astigarraga: 6.180 biztanle, 270 positibo, hildako 1, 0,4ko hilkortasun-tasa. 100.000 biztanleko 4.368,9ko intzidentzia.
-Hernani: 20.013 biztanle, 1.158 positibo, 16 hildako, 1,4ko hilkortasun-tasa. 100.000 biztanleko 5.786,2ko intzidentzia.
-Lasarte-Oria: 18.825 biztanle, 899 positibo, 10 hildako, 1,1eko hilkortasun-tasa. 100.000 biztanleko 4.775,6ko intzidentzia.
-Urnieta: 6.190 biztanle, 409 positibo, 2 hildako, 0,5eko hilkortasun-tasa. 100.000 biztanleko 6.607,4ko intzidentzia.
-Usurbil: 6.318 biztanle, 231 positibo, 4 hildako, 1,7ko hilkortasun-tasa. 100.000 biztanleko 3.656,2ko intzidentzia.

114.613 kasu EAE-n
EAE-ko datu orokorrei dagokienean, 1.646.755 PCR proba egin dira martxotik abenduaren 20ra, 118.636 antigeno test. Horietatik  guztira 114.613 kasu positibo antzeman ditu Osasun Sailak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 94.308 PCR kasu positibo, antigenoen bidezko 12.504 test positibo, 7.801 positibo proba serologikoetan. 36.584 kasu positibo guztira Gipuzkoan. 2.947 hildako guztira, 93 covid-aren ondorioz hildakoak.

Txosten osoa esteka honetan kontsultatu dezakezue: covid19, asteroko buletin epidemiologikoa

Datu berrienak
Azken 24 orduotan EAE-n egin dituzten 9.542 testetatik 427 positibo antzeman ditu Osasun Sailak, %4,5a. Haietatik 160 Gipuzkoan, 181 Bizkaian eta 79 Araban. 7 eremu honetatik kanpo bizi direnen artean. 41 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, 85 daude ZIUn. Udalerrietako datuak, aldaketarik ez bada, datorren astelehenean (abenduak 28) eguneratuko ditu Osasun Sailak.