Olentzerok giro euritsuaren aurrean, irribarretsu agurtu ditu etxeetan zain zituen herritarrak

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 24a, 19:40

Euripean baina irribarretsu heldu da Olentzero ostegun iluntze honetan Usurbila. Geldiunerik gabeko bira osatu du herrian barrena. Pandemia garai betean egin zaion estreinako harrera hau urrutikoa izan da, etxeetako balkoi eta leihoetatik egin zaiona, edota kale bazterretik. Baina harrera beroa era berean, hilabeteotan distantzia bera ematen ari den gertutasunagatik.

Euria gogotik bota du, baina irribarretsu eta umore ezinhobean osatu du herrian barrena Olentzerok egin duen bira. Aginagan hasi eta Usurbilen amaitu duen ibilbideko zati batzuk egokitu beharrean aurkitu da ikazkina. Ez koronabirusak, ezta aipatu moduan ere eguraldiak ez dio eragotzi gure artera heltzea. 

Pandemia garaian egon arren, ez du lan gutxiago izango aurten. Datozen orduotan etxe giro gozoan izango direnek asteotan eginiko gurariei erantzuten lan karga itzela izango du Olentzerok. Ez ahaztu, asteotan hainbat postontzi jarri dituzte bere lagunek herriko txoko desberdinetan. Gutunok jaso ditu Olentzerok; orain eskari bakoitzari banan-banan erantzuteko unea heldu zaio. 

Modu honetan, pandemia giro betean, ohiko plazako harrera jendetsurik gabe egin dio Usurbilek harrera Olentzerori. Aurten ez da zuzenean berarekin egoteko aukera izan, urrutitik agurtu behar izan da. Ia urtebete barru bertatik bertara ongi etorria emateko aukera dugun.