Oraindik gurasoak urrun dituzten "motxiladun haurrak" gogoan, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen mezuak

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 24a, 19:05

Urte amaiera gazi-gozoa Usurbilgo ikuspegitik, presoen auziari dagokionean. Urte amaiera historikoa, 47 urtez lehen aldiz herritar presorik ez baitu Usurbilek, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga azaroa hasieran baldintzapean aske utzi ostean. Era berean ordea, urte amaiera gazia, oraindik orain gurasoak urrun dituen "motxiladun" haur bat baino gehiago baitago Euskal Herrian.

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak ere Olentzero eta Mari Domingiren mezu berezi askoa plazaratu dute azken orduotan. Albiste honi atxikitako bideoan duzue. Pandemia urte latz eta tristeari errepasoa egin diote, musukoekin aurpegia estalia zuten bi lagunok. 

Argi utzi dute, koronabirusak ez dio eragotziko Olentzerori gaur gauean etxeetara heldu eta opariak banatzea. Oparien zerrenda luzea erakusten dute bideoan. Eskari mordo horri aurre egiteko ezinbestekoa izango duten bien arteko elkarlana goraipatu dute Olentzerok eta Mari Domingik.

Etxe berri bat Usurbilen
Eta aurten bisitatu ahalko duten etxe berri bat ere oso gogoan dute; Xua eta Maddiren etxea. Duela urtebete Usurbilgo herriak, Olentzero eta Mari Domingirekin batera eskatutakoa bete baita; Xua eta uztailean jaiotako Maddiren guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga etxeratu dira. Baldintzapean aske dira eta ondorioz, 47 urteetan lehen aldiz Usurbilek ez du preso politikorik.

Halere, oraindik "haur motxiladun" bat baino gehiago dago Euskal Herrian, gurasoak preso etxetik urrun dituztenak. Beste urte batez gabon hauek ere bereizita biziko dituzte. Pandemiak gainera, urtean zehar egin ahal dituzten bisitak ere eragotzi edota eteten ari da, senideak etxetik urrun diren presoak bisitatu ezinik baitabiltza. 

Testuinguru honetan, mobilizatzeko beharrak bizirik segitzen duela azpimarratu dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik. Hitzorduok deitu dituzte asteotarako:


Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak
Abenduak 26, larunbata
11:00 
Haur motxiladunen eskubiden aldeko martxa Martuteneko espetxetik Astigarragara.
Deitzailea: Sare.

Abenduak 31, osteguna
19:30 
“2021ean ASKE! OPA” Dema plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Urtarrilak 9, larunbata
17:30 
“Bidea gara”, Sareren manifestazioa Usurbilen.
Deitzailea: Sare.


Etxean dira... ez denak ordea
Aurtengo Gabonak usurbildarrentzat historikoak dira. Atrebentziarekin diogu hori, gainera. Izan ere, joan den 47 urteotan etenik izan ez duen egoera gogor bat hutsaldu da: Usurbilek jada ez du arrazoi politikoengatik kartzelan edota erbestean dagoen herritarrik.

Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrian ditugu joan den azaroaren 6tik. Ez erabat aske oraindik, egia da. Baina ezarri dizkieten baldintzak (2018tik aplikatu ahal zirenak), eramangarriak dira bizimodu normal batekin. 

Ez da urte erraza izan haientzat eta beren senideentzat. Lehenik, urtarrilaren 19an hiru urte bete zituenean, Xuak espetxea utzi behar izan zuen. Banaketa zinez gogorra izan zen. Gutxira, bere gurasoak kartzelaz aldatu zituzten Picassentetik Aranjuezera. 80 kilometro gutxiagoko "hurbilketa". Bisita bakarra egin ahal izan zuen familiak -otsailean- ze covid19aren pandemia lehertu zenean, akabo bisitak. Uztailera arte, Maddi txikia jaio zen arte, alegia, ez zuten elkar ikusteko aukerarik izan. 

Eta geroztik ere ez. Hamar hilabete luzeetan gutun edo telefono bidez komunikatu dira. Orain gauzak asko aldatu dira haientzat, baina 218 preso politikoentzat eta beren familientzat oro har, berean darraite.

Azken asteotan hurbilagoko espetxeetara -eta kasu batzuetan Euskal Herrikoetara ere- lekualdatu dituzten zenbait euskal preso. Hortaz, egoera zertxobait leundu zaie haien familiei. Baina oraindik gehienak urrun eta, pandemia tarteko, baldintza gogorragoetan segitzen dute. Horregatik diogu herri-presioa mantentzea eta areagotzea ezinbestekoa dela. Lehenik eta behin, euskal preso guztiak beren etxeetatik ahalik eta gertuen ekar ditzaten; gaixo daudenak, adinean aurrera doazenak eta baldintzapean aske beharko luketenak etxeratuak izan daitezen.

Urrats horiek urratuko dute behingoz guztiak libre izateko bidea eta, Usurbil bezala, Euskal Herriko herri guztiak preso, erbesteratu eta deportaturik gabeko herriak bihurtzea.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!

Etxerat