Sarrerak agortuak

Xabier Leteren omenezko ikuskizuna gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 26a, 07:02

Xabier Lete poeta eta kantaria 2010eko abenduaren 4an zendu zen. Duela 10 urte; urteurren borobil honen harira, Lete omentzeko hainbat ekimen abiatu dituzte. Tartean "Loreak eta zauriak, Xabier Leteri kantari" diziplina-arteko emanaldia sortu dute. Usurbilen ikusi eta entzuteko aukera izango da larunbat honetaan, abenduaren 26an. Hitzordurako sarrerak ordea aurreko asteetan agortu ziren.

10 urte bete ziren abenduaren 4an, Xabier Lete sortzaile handia zendu zenetik. Kulturgintza Lete omentzeko hainbat lan plazaratzen ari da. Tartean, Euskal Herriko zenbait udalerri zeharkatuko dituen "Loreak eta zauriak, Xabier Leteri kantari" ikuskizuna ondu du, ondoko argazkiko laukoteak. 

Hilaren 4an estreinatu zuten Zarautzen. Usurbilen geldialdia egin eta abenduaren 26an eskainiko dute emanaldia Sutegin. Pandemia garai honetan ohikoa bilakatu den moduan, prebentzio neurriei egokitua izango da hitzordua. Sarrerak, online erosi zitezkeen usurbilkultura.eus atarian. Baina azkar batean agortu ziren.

"LOREAK ETA ZAURIAK, XABIER LETERI KANTARI"
Eguna: abenduak 26, larunbata.
Ordua: 18:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Partaideak:
-Beñat Gaztelumendi: bertsoak eta testuak.
-Xabier San Sebastian: ahotsa eta gitarra.
-Joserra Senperena: pianoa.
-Quico Pugès: biolontxeloa.

Zehaztasunak: "Loreak eta zauriak Xabier Lete omendu nahi duen diziplina-arteko emanaldia da. Baina ez da omenaldi bat soilik. Elkarrizketa bat gorpuztu nahi du Xabier Leek lehendabiziko kantuak idatzi zituen garaiaren eta gaur egungo munduaren artean. Bere kantaak gogoratzearekin batera, bere kantuen eta melodien bide gaur egun bizi dugun jendarteari begiratuko dio proposamen honek. Bertsoz, kantuz hitz lauz 70eko hamarkadatik 2020ra, bizitzatik heriotzara, "ni"-tik "gu"-ra eta Xabier Letetik gugana bidaiatuko dugu". 

Sarrerak: agortuak.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.