Gazte Topaketak antolatu izan ditu urte luzez abendu amaieran Ernaik Usurbilen. Oraingoan ordea, indarrak batu eta eskualdeko herrietako gazte bilguneok Buruntzaldea mailakoak deitu dituzte abenduaren 27tik 30era. Andoainen, Hernanin, Lasarte-Orian eta Usurbilen txandatuz ekitaldi ezberdinak iragarri dituzte. "Buruntzaldeako gazte topaketak datoz beraz gorde data! Gure herriaz ikasi, hausnartu eta formatzeko baliagarriak izango diren tailer eta hitzaldiak antolatuko ditugu. Euskal herri feminista, sozialista euskaldun eta askea denon artean eraikiko dugulako!", adierazi dute antolatzaileek.
Hitzorduetako bat Usurbilen antolatu dute, abenduaren 27an 18:00etan Udarregi Ikastolan; "Militantzia morea: ikusezinezko botere harremanak" saioa hain zuzen. Errepresioa, presoak edota prekarietatea ere ahotan hartuko dituzte gainerako hitzorduetan. Gazte Topaketak abenduaren 30ean "Zuen interesen aurrean neurri eraginkorrek orain!" aldarripean Hernanin egingo den manifestazioarekin borobilduko dituzte.
"Gazteria kriminalizazioaren jo puntuan jartzen ari dira eta gure jardun politikoa ezereztatu nahi dute. Baina guk badaukagu zertaz hausnartu eta ikasi. Hartu parte! Euskal herri euskaldun, sozialista eta feminista denon artean eraikiko dugulako!".
Hemen egitaraua:
Buruntzaldeko Gazte Topaketak
Abenduak 27, igandea
11:30 "Gure kabuz ala hil" dokumentalaren proiekzioa Andoaingo gaztetxean.
18:00 "Militantzia morea: ikusezinezko botere harremanak" Usurbilgo Udarregi Ikastolan.
Abenduak 28, astelehena
18:00 "Proiektu txikitzaileak eta herri mugimenduak", Andoaingo Bastero kulturgunean.
Abenduak 29, asteartea
16:00 "Presoen aldeko photocall-a" Lasarteko Okendo plazan.
19:00 "Gazte antolakundea eta errepresioa" Lasarteko Manuel Lekuona kultur etxean.
Abenduak 30, asteazkena
17:00 "Prekarietatea, gazteon alternatiba bakarra?" Hernaniko bilgunean.
19:00 Manifestazioa: "Zuen interesen aurrean neurri eraginkorrek orain!", Hernaniko Gudarien plazatik.
Antolatzailea: Ernai Buruntzaldea.