Alerta laranjan gaur haizeagatik

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 27a, 10:55

Igande eguerdiko 12:00etan hasita abisu horian izango gara haizeagatik eta arratsaldeko 18:00etatik aurrera alerta laranja ezarriko dute.

Haizea bizi asko dabil azken orduotan, baina bolada gogorragoak izan ditzakegu datozen orduotan. Igande eguerdiko 12:00etan hasita abisu horian izango gara haizeagatik. "Hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan", Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez. 18:00etan aldiz alerta laranjara igaroko gara eta hala segiko dugu gauerdira arte. "Hego-mendebaldeko haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan". Haizeguneak ez diren tokietan aldiz, abisu horia izango da indarrean gauerdira arte. "Hego-mendebaldeko haize-boladek haizeguneak ez diren lekuetan 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete".

Gauerditik astelehen iluntzeko 21:00ak arte segiko du abisu horiak indarrean haizeguneetan. "Mendebal-osagaiko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki goizaldean eta arratsaldean, eta kostaldetik gertu dauden tokietan non 110-120 km/h-ko abiadura gaindi dezaketen".

Haizeguneak ez diren tokietan aldiz astelehen eguerdiko 12:00etan hasi eta arratsaldeko 18:00ak arte segiko du abisu horiak indarrean. "Mendebal-osagaiko haize-boladek haizeguneak ez diren lekuetan 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki kostaldetik gertu dauden tokietan non 90 km/h-ko abiadura gaindi dezaketen".

Haize "bolada oso gogorrak"
Giro honetan, igande honetan Usurbilen, "goiz-lanbroa izango dugu. Zerua partez hodeitua egongo da. Goizean hodeiak ugaritu eta hodeitsu geratuko da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusi izanik; arratsalde-gauean oso hodeitsu geratuko da. Gauean euri txiki-ertaina egingo du. Hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, tarteka gogorra, eta bolada oso gogorrekin, bereziki egunaren bigarren partean. Gauean mendebal/ipar-mendebaldera egingo du, bolada oso gogorrekin. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira. Izotz txikia egingo du".

Astelehenean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da; egunaren erdiko orduetan hodeiak gutxitu egingo dira. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, ugariago goizaldean, goizean goiz eta gauean. Baliteke trumoi-ekaitzak izatea eta txingorra egitea, probabilitate gehiagoarekin goizaldean eta azken orduetan. Mendebal-osagaiko haize bizi-gogorra ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira eta maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus