Orain ezinezkoak liratekeen, pentsaezinak zaizkigun irudien bilduma bat plazaratuz abiatu genuen 2020. urtea; covid19aren pandemiaren eraginez, bertan behera geratu diren neguko ospakizun hainbat islatzen zuten argazkiekin. Memorian ondo gordeak izango ditugun ekitaldiak; segurtasun distantziarik gorde behar ez ziren ikastetxeen nahiz herri eragile hainbatek antolaturiko kantu-jira. Hurbiletik agurtu izan genituen Olentzero eta erregeak, mugimendu bizian ospatu ziren kabalgata eta kalejiretan. Orain ekitaldiak eserita, mugitu gabe ikusi eta entzun ditzakegu. Udalaren Gabonetako Parkean edo Hurbilagok antolaturiko kaleko parke erraldoiko amaierarik ez zuten jolaserako tarteak ere iruditan jaso genituen. Baita musukorik gabeko kirol ekimenak; futbol eta eskubaloi topaketak, Hurbilago San Silbeste Herri Lasterketa...
Aste eta hilabete haietan, eta urte hasieran are gehiago, oso presente izan genuen ixa erraldoia; Xua Gurasoekin Etxera herri plataformak ezagun eginiko irudia. Manifestazio jendetsua egin zen guraso bat edo biak espetxean dituzten haur motxiladunen alde Donostian, modu berezian oroitu zen une hartan Valentziako Picassenten ziren Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta hiru urte betetzear zituen Xua haurrak bizi zuten egoera. Olatzek eta Patxik 2018tik baldintzapean aske behar zuten, espetxealdiaren hiru laurdenak bete ostean. Alaba Xuarekin etxeratzea eskatzeko hainbat ekimen burutu zituzten hilabete horietan; mozioak udaletxeetan, mobilizazioak, agerraldia Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Arartekoarekin bilera...
Xua Gurasoekin Etxera herri plataformak dinamika indartu zuten urtarrilaren 19ra begira; Xuak hiru urte betetzen zituen Donostia Egunaren bezpera hartan eta gurasoengandik bereiztekoak ziren. Hori ez gertatzeko hainbat ekimen burutu ziren hilabete haietan aipatu moduan; eguna heldu zen ordea eta urtarrilaren 19an Xuak amonarekin Usurbila etorri behar izan zuen, gurasoengandik 600 kilometrotara. Egun hartan, urtebetetzeagatik zorion mezu maitakor eta besarkada uholdea jaso zuen Xuak Donostiako Anoetan antolatu zen ekitaldi jendetsuan nahiz iluntzean Usurbilen, euskal presoak euskal herriratzeko muralaren parean egin zen talde argazkian ere. Ordukoa duzue albiste honi atxikitako ondoko argazkia.
Duintasunez bizitzeko greba
Urtarrilaren 19arekin batera urtarrilaren 30a ere egun seinalatua izan zen, lan, pentsio eta bizi duinen, aldeko protesta eguna, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak biltzen dituen eragile anitzek deitutako greba orokorra. Gerora, pandemia hilabeteotan are gehiago akordatu garen aldarriak agenda politiko eta sozialaren erdigunean jarri ziren. Ordurako 200 egunetik gora zaintza zerbitzu eta lan baldintza duinen alde greban ziren adinekoen egoitzetako bi langile usurbildar elkarrizketatu genituen, Gure Pakea elkartekoen berri jaso edota pentsiodunen inguruan Sutegin izandako hitzaldiaren berri eman genuen, greba hari begirako aldarriak biltzeaz gain. Jarraipen zabala izan zuen deialdiak, greba eguneko mobilizazioak jendetsuak izan ziren; bai udaletxe atarian pentsiodunek deituta egin zen elkarretaratzea, historikoa eskualde mailan egin zen manifestazioa, edota jendetza batu zuen baita Donostian egin zen Gipuzkoa mailako manifestazioak.
Elkarrizketen atalean, Ione Iruretagoiena moda diseinatzaileak bere arropa marka propioa aurkeztu zigun, Daniel Scott Usurbilen bizi den argentinarrak "Bertsopayakopla" plazaratu berri zuen liburua, Joseba Undianok berak bezala odola ematera animatu gintuen. Eta pandemia aurretik musukoekin agertzen zen lehen herritarra elkarrizketatu genuen; oso bestelako arrazoiengatik, udazkenean Txilen izandako eztanda soziala bertatik bertara bizi, etxetik atera ezinik egon zen eta egun haiek dokumental batean bildu zituen Maddi Egizabal gaztea. Elkarrizketatu eta gutxira proiektatu zuen zenbait ikaskiderekin batera sortu zuen ikus-entzunezko lana Sutegin.
Covid19ak kolpatu aurretik ere garai zaila bizi zuen herri merkataritzak Usurbili egiten dion ekarpen ezin onuragarriagoa hizpide izan zuen "Herrira Begira" atalak, "Herria Argitzen" izenburupean, Ion Markel Saez de Urabainek ateratako argazki sortarekin.
Kirolen arloan, aurtengoan bertan behera geratu den Irisasi BTT "Hotzak Akabatzen" probak parte hartze marka hautsi zuela berri eman genizuen; 600 lagunek osatu zuten bizikleta gaineko mendi buelta. Bezperan, bi herritarren pilota norgehiagoka ikusgarriaz gozatzeko aukera izan zen Aginagako Ariztitxo pilotalekuan. Maila profesionalera igaro berri zen Aitor Aranguren aginagarrak binakako promozio txapelketako neurketa jokatu zuen. Emakume Master Cup txapelketa irabazi berri zuen Miriam Arrellaga omendu zuten binaka jokatu zuen partidaren amaieran.
Urtarrilean argitaraturiko aldizkariak
Urtarrilak 10, 807. zenbakia
Urtarrilak 17, 808. zenbakia
Urtarrilak 24, 809. zenbakia
Urtarrilak 31, 810. zenbakia
Herrira Begira: "Herria Argitzen"